«Guztion artean, elkarbizitza eta askotariko kulturak kontuan izango dituen horma irudia egingo dugu»
Herrera Ikastetxeak, Nextgraff taldeko Nextor eta Aitorrekin batera, Txoko kuttuna proiektuaren barruan, ikastetxeko patioan artearekin lotura duen espazio goxo bat sortu nahi du. Hiru urte dira Nextor eta Aitor graffitiak margotzen hasi zirenetik.
Zer dela eta bururatu zitzaizuen graffitiak margotzea?
Nextorrek kalean lagunekin graffiti bat egin zuen, eta nik graffitia ikusi nuenean, ikastaro bat egin genuen Egian. Orain gure kabuz.
Zein graffiti mota egiten duzue?
Graffitien munduan bi estilo ezagun daude. Bata, sinadurak eta letrak dira, eta bestea, errealismoan oinarrituta.
Guk errealismoa egiten dugu: erretratoak, ilustrazioak, muralak etxeetan, lokaletan eta koadroak.
Zein izan zen lehenengo graffitia?
Lehenengo graffitia kalean egin nituen letrak izan ziren, eta Errioxan egindako neska baten erretratoa. Go-pro kamerarekin grabatu eta sare sozialetan jartzen ditugu bideoak.
Zenbat denbora behar duzue graffiti bat egiteko?
Egin dugun marrazkirik handiena 100 metro koadrokoa da, eta sei egun behar izan genituen. Beste batzuk aldiz, egun bat edo bi.
Zein da margotzeko gehien gustatzen zaizuen gaia?
Aurpegiak, espresioak, musikariak eta artistak asko gustatzen zaizkigu. Bion artean eztabaida dago. Nextorrek atzerritarrak nahiago ditu, eta nik, hemengo artisten aurpegiak.
Ikasle bat Banksy zalea da. Zer iruditzen zaizue kaleko artea erreibindikazio moduan erabiltzea?
Guk uste dugu graffitiaren helburu nagusia hori dela. Merkatuak Banksyren artea irentsi egin du, eta nor den ez dakigunez, bere obra misteriotsua da. Dena den, ez da artista on bakarra. Guk gure obrak egunez eginez, jendearekin dugun harremana eta debatea sortzen da.
Zertarako erabiltzen duzue graffiti artea?
Askatasuna ematen digu. Margotzea gustatzen zaigulako eta disfrutatzen dugulako.
Zuen ustez, zergatik egiten dira graffitiak gure eskolan?
Uste dugu margotzeko lekurik ez dagoelako dela, eta gazteak pareten bila dabiltzalako. Hirietan eta herrietan tokiak aldarrikatu behar dira margotzeko. Horregatik, zuen eskolan, aurrera eramango dugun lanak, elkarbizitza eta kultura ezberdinak kontuan izango ditu.
Graffitietan erabiltzen duzuen margoa toxikoa al da?
Bai, maskara bereziak erabiltzen ditugu gasak ez filtratzeko. Eskularruak erabili eta azala estaltzea ere beharrezkoa da.
Amaitzeko, graffiti bat amaitzean, ez bazaizue gustatzen, zer egiten duzue?
Espraiarekin zuzentzen dugu, kolore guztiak estali daitezke.
Mila esker elkarrizketarengatik,ea ikasturte honetan ezinezkoa izan arren, datorren ikasturtean, proiektu hau aurrera eraman ahal izatea elkarrekin.