Kanpaina bat abiatu dute parkearen berezko balioa aldarrikatzeko
Uliako Mintegietako parkeak «ekosistema propioa eta bizia» duela dio Uliako Lore-Baratzak taldeak. Aranzadi Zientzia Elkartea parkean egiten ari den ikerketarekin kezkatuta daude.
Pozik eta lanean jarraitzeko gogotsu dago Uliako Lore-Baratzak boluntario taldea. «Pasa den igandean zazpigarren landare eta hazi truke azoka txikia egin genuen, eta arrakastatsua izan zen. Horrelako gauzek ilusio berezia egiten digute», adierazi du Leire Rodriguez boluntario taldeko kideak. Hori dela eta, Badu balioa izeneko kanpaina abiatu dute, parkearen «bereizgarritasuna» aldarrikatzeko. «Balio preziatuena duen ekosistema propioa eta bizia da. Erabiltzaileen eta boluntarioen lana da politena».
Uliako Mintegiek duten berezko ondarea ere nabarmentzekoa dela uste du: «Landare eta zuhaitzak, ur-biltegiak, baratzak, eraikinak eta beste daude hemen. Landare oasi baliotsua du. Ez da parke botaniko bat, baina badu landaredi hori ulertzeko modu desberdin bat». Horrekin batera, Rodriguezek uste du Uliako Mintegietako parkea «askeagoa» dela. «Askotariko pertsonak elkartzen dira hemen, adin tarte, genero, eta jatorriari dagokionez. Horrelako leku gutxi daude Donostian».
Hiru erabiltzaileren lekukotza jaso du Uliako Lore-Baratzak taldeak, bakoitzarentzat parkeak duen balioa adierazteko: «Atsegina da lorategi bat konpartitzea. Parkearen erronka jendeari zabaltzea da, lurra landuz partekatzeko filosofiarekin», dio Iñigo Martinek. «Parkeetan, oro har, aspertu egiten naiz. Hemen, ordea, ez naiz aspertzen, beti bada zer begiratu, ikasi edo egin», nabarmendu du Clara Casanovak. «Parkea maite dut. Gustoko dut parkean haur gehiago daudenan. Bestalde, parkeko barazkiak gustoko ditut», esan du Rocco Caruso haurrak.
Informazio falta
Aranzadi Zientzia Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat jaso zuen Buskando eta Soroborda ur-biltegien balioa aztertzeko, eta beranduenez 2021eko azarorako bukatu behar dute. Aranzadiko teknikariak parkean izan ziren neurriak hartzen, eta horren inguruko azalpenak eskatu zituen Uliako Lore-Baratzak taldeak informazio kanpaina baten bidez. «Aranzadiko zuzendaritzak bizkarra eman digu. Kezkatuta gaude ezin dugulako ezer onik espero horrelako jarrera batekin», dio Rodriguezek. Aranzadik hedabide honi adierazi zion «ondarea berreskuratu eta balioa emateko» ikerketa bat egiten ari direla.
«Parkeari balioa emateko ezin dira erabiltzaileak albo batera utzi, beraiek direlako balio preziatuena. Egunero galdetzen digute ea zertan ari diren eta zer gertatuko den. Kezkatuta daude», esan du Rodriguezek. Otsailean bilera bat egin zuten parkean Aranzadiko arduradunekin, baina ez zieten argitu zein den ikerketaren asmoa. «Zuzendaritzari eskatzen diogu egiten ari direna azaltzeko. Era berean, prest gaude mahai berean eseri eta elkarlan bat adosteko».
Udal gobernuaren jarrerarekin ere ez daude konforme: «Duela urte eta erdi elkartu ginen alkatearekin parkearen lagapen kontratua berritzeko, eta prest agertu zen aurrera egiteko. Duela urtebete bukatu zen kontratuaren epea, eta ez dugu erantzunik jaso. Ziurgabetasun egoera batean gaude». Udalaren jokabidea «kontraesankorra» dela dio Rodriguezek. «Gure proiektua babesten dute, baina ez dugu aitortza juridikorik espazioaren erabilera egonkorra izan dadin».
Ateak irekita
Pixkanaka normaltasunera itzultzen ari da parkea, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ostean. Berriz ireki zutenean, arau batzuk ezarri zituzten erabiltzaileentzat, eta egunek aurrera egin ahala, ohiko erritmoa berreskuratu dute. «Gure komunitatearen erantzuna izugarria izan da. Ehun bat erabiltzaile ditugu egunero», dio Rodriguezek. Askorentzat uda desberdina izango dela uste du Uliako Lore-Baratzak taldeak, eta horregatik parkearen ateak zabalik egongo direla gogorarazi dute.