Parkeak diseinatu zituen lorezaina
Pierre Ducasse hiriko parke, lorategi eta zuhaiztien arduradun izendatu zuten 1877. urte inguruan. Hark diseinatu zituen XIX. mendeko bigarren erdialdean Donostian sortutako lorategi publiko zein pribatu gehienak; besteak beste, Miramar Jauregiko parkea.

Aieteko parkea. Egiako parkea. Miramar jauregiko parkea. Hiriko berdeguneak izateaz gain, beste ezaugarri komun bat ere badute denek: Pierre Ducasse lorezainak diseinatu eta sortu zituen.
Ducasse 1836an jaio zen, Baiona ondoko Lehuntzen herrian, eta Donostian zendu zen, 1892 urtean. XIX. mendean, Donostiako harresia bota eta zabalguneak sortzen hasi zirenean burges eta aristokratek euren landa etxeak eraikitzen hasi ziren. Lorategiak sortzeko Ducasse kontratatu zuten. Garaian modan zeuden lorategi ingelesak diseinatzen zituen lorezainak, estilo erromantikokoak. Estilo frantsesak zuen simetria eta zuzentasunaren ordez, naturako paisaiak imitatzen ditu estilo ingelesak. Horrez gain, urmaelak, ur-jauziak, eta kobak ere estilo honen ezaugarri dira.
Aipatutako parkeez gain, Ducassek sortu zituen, besteak beste, Arbaizenea, Bidebieta, San Bernardo, eta Toki Ederreko parkeak. Gainera, hiriko parke, lorategi eta zuhaiztien arduradun ere izan zen, eta Gipuzkoa plazako parkearen diseinua egin zuen. Kontxako pasealekuko milazka edo tamarizak—ez baitira tamarindoak— ere berak landatu zituen. Miramar jauregiko parkea izan zen bere azken lana, hil zen urtean bertan inauguratu zena. Lan horri esker errege etxeko lorezain izendatu zuten.Enkarguz egindako lorategiez gain, Ducassek proiektu propio bat ere bultzatu zuen. 1878. urtean Villa Maria Luisa mintegia sortu zuen Ategorrietan, egun Monte Ulia hotela dagoen tokian, gutxi gora behera. Haren oinordekoek, 1922an Villa Maria Luisa lore denda ireki zuten Hernani kalean, gaur egungo hiriko komertzio tradizionaletako bat.
Ducassek egindako diseinuak ez dira bere horretan iritsi gaurdaino, eraldaketak jasan baitituzte. Esaterako, Aieteko parkean kultur etxea egin zuten duela urte batzuk, eta Egiako parkeko urmaelaren forma aldatu zuten. Hala ere, Ducasseren ondarea bizirik gordetzen dute nolabait parke horiek guztiek, ez bakarrik bere oinarrian. Aieteko sekuoiak, Egiako ginkgoa eta Kontxako milazkak haren legatua baitira.