"Printzipioz, dena bertan behera utzi dugu. Edukierak mugatzea zen aukera bat, baina gure jaien oinarrian dago denontzat izatea"
Nolakoak izango dira surik gabeko sanjoanak Antiguan?
Kolore, soinu eta dantzarik gabekoak. Hala ere, suaz haratago, sanjoanak auzoko bigarren festak dira, San Sebastian jaien ondoren. Ondorioz, auzoko jairik gabeko sanjoanak ere izango direla esan daiteke.
Jaiak noiz ziren ospatzekoak?
Ekainaren 12an hasi eta ekainaren 23an amaitu behar zuten.
Egitarauan sartu ohi duzuen zerbait egitea pentsatu duzue?
Printzipioz, dena bertan behera utzi dugu. Azken batean, edukierak mugatzea zen aukera bat, edo atzeratzea bestela, baina gure jaien oinarrian dago denontzat izatea eta ahal den guztia doakoa izatea, eta kontraesankorra izango litzateke. Hala ere, programako Ez Dok Hamairu Antiguotarrak Hamalau jaialdia online egingo dugu. Uztailaren 18an izango da, streaming bitartez. Bestalde, Antiguotarrak Dantza Taldean haur, gazte eta helduekin egin dugun lana online aurkezteko aukerak aztertzen ari gara.