Gipuzkoako zaharren egoitzetako senideek elkarretaratzea egin dute egoitzetako lan gatazka konpontzeko eskatzeko
Gipuzkoako zaharren egoitzetako senideek elkarretaratzea egin zuten atzo. Goizeko 11:00etan Gipuzkoa plazan bildu ziren aldundiari zaharren egoitzetako gatazka konpontzeko eskatzeko.
Koronabirusagatik hildakoengatik minutu bateko isilunea egin zuten elkarretaratze hasieran, eta hainbat elkarte, alderdi politiko eta udali eskerrak eman ostean, gatazka konpontzeko eskatu zioten aldundiari. Era berean, koronabirusaren krisialdian aldundiak egindako “kudeaketa kaxkarragatik nahigabea eta haserrea” adierazi zuten Gipuzkoako Senideakek. Langileei, aldiz, eskerrak eman zizkieten, “krisi honi aurre egiteko urtebete luzeko greba bertan behera utzi, lanera itzuli eta bere onena eman dutelako”.
Urtebete pasa da dagoeneko Gipuzkoako zaharren egoitzetako senideek lehen elkarretaratzera deitu zutenetik. Izan ere, urtebete inguru pasa baita zaharren egoitzetako langileek lan baldintza duinak eskatzeko greban hasi zirela. Zehazki, 243 egun zeramatzaten greban koronabirusa iritsi eta lanera itzultzeko erabakia hartu zutenean. Lan gatazka oraindik konpondu ez denez gero, langileak maiatzaren 20an itzuli ziren mobilizazioetara.
Bestalde, atzoko elkarretaratzeaz gain, Gipuzkoako zaharren egoitzetako senideek eskaera bat argitaratu zuten duela hilabete change.org plataforman gatazka konpontzeko eskatuz. Dagoeneko 1.000 sinadura baino gehiago jaso ditu eskaerak.