Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek 'Haurra lotarazteko soinua' sehaska kantaren bertsio berria aurkeztu dute
Gaur da Musikaren Eguna, eta egun hori aitzakitzat hartuta Iñar Sastre pianistak eta Jagoba Astiazaran txistulariak Arineketan izeneko diskoaren aurrerapena plazaratu dute. Haurrak lotarazteko soinua da aukeratutako abestia, Juan Ignazio Iztuetak 1824an bere bilduman jasotako sehaskako doinu zaharra, baina eurak egokitutako bertsio berri bat. Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegak abesten dute, eta pianoaz eta txistuaz gain, biolontxeloa ere entzuten da abestian, Ivan Casadok jotzen duena.
Bestalde, abestiaren bideoklipa hainbat hiritar anonimok bidalitako irudiekin egin dute, baita Ortega eta Elorrietaren irudiekin ere. Musikariek aipatu dutenez, abestiaren letrarekin kontrastean, berdintasuna hartu nahi izan dute oinarri, “haurren heziketan behar dena”.
Arineketan diskoak dagoeneko kalean behar zuen, baina koronabirusaren egoerak argitalpena atzeratzera derrigortu ditu musikariak. Oinarrian euskal folkloreko dantza doinu eta erritmo tradizionalek osatzen dute diskoa, baina horiek eraldatu eta berritu dituzte, emaitza desberdina lortzeko.