Koronabirusari egokitutako Herrerako jaiek kolore berdez eta horiz bete dituzte auzoko balkoiak
Koronabirusaren egoerari egokitutako Herrerako jaiak ostiralean abiatu ziren, arratsaldeko 19:00tako txupinazoarekin. Egun horretan bertan poteo elegantea egin ondoren, atzo goizean balkoiak apaindu zituzten bizilagunek, auzoa berdez eta horiz tindatuz. Goizeko hamaiketarako balkoiek prest behar zuten, izan ere, ordu horretan, norberak bere etxetik Herrerako jaietako abestia jarri zuen, auzoa musikaz betez. Eguerdian paella jana izan zen, bakoitzak etxean prestatutako paellarekin, eta arratsaldeko poteorako kamisetak eta zapiak jantzi zituzten bizilagunek.
Gaur goizean, San Luis egunean, 10:30etatik aurrera hiriko txistularien bandak auzoa alaitu du, eta auzoko taberna eta saltokietan sorpresa bat topatuko dute bizilagunek. Izan ere, jai batzordetik San Luis pastak utzi dituzte opari. 12:00tan bermuta izango da, eta San Luis eguneko bazkari herrikoiaren ordez, norberak bere etxean prestatutako bazkari berezia egingo da gaur. Arratsaldean telebistan emandako bertso saioaz gozatu, eta kafe eta kopa auzotik hartzeko aukera izango dute bizilagunek. 2020ko Herrerako jaiak, urtero bezala, ekainaren 23an bukatuko dira. Aurten surik izango ez bada ere, ez ohiko San Joan bezpera egingo dute auzoan, eta gaueko 23:00etan egingo den trakak jarriko die amaiera koronabirusaren egoerara egokitutako jaiei.
Jaiei hasiera emateko txupinazorako, bideoa prestatu zuten jai batzordetik, beste hainbat urtetako irudiak hartuz.