Metroaren kontrako protestak Kontxako hondartza hartu du
Hainbat kartel jarri ditu Satorralaiak hondarrean, metroaren obrak gelditzeko eskatuz. Bestalde, Ramon Agirre aktorea metroko obren arduradunaren paperean sartu eta antzezlana eskaini du. Aldarrikapena elkarretaratze batekin amaitu da.
Metroaren kontrako protesta egin du Satorralaia bizilagunen mugimenduak gaur Kontxan. Protesta 11:30etan hasi da. Kontxako erlojuetan jarritako informazio gunetik hondartzara abiatu dira mugimenduko kideak, eta hondarrean bi pankarta jarri dituzte. Gainera, hirugarren bat ere eskuekin eusten aritu dira ordu erdiz gutxi gora behera. Ondoren, pasealekuan, 12:30ak aldera, Ramon Agirre aktoreak antzerkia egin du. Hain zuzen ere, metroko obretako arduradun paperean sartu da Agirre, eta umorez eta ironiaz betetako antzezlana eskaini du. Egitasmoa 13:00etan egin den elkarretaratzearekin amaitu da.
Gaur egindako protestarekin hondartzaren azpian zulatzen ari direla salatu nahi izan dute Satorralaiatik. Era berean, joan den ekainaren 5ean Zubieta kalean gertatutakoa obrak dituen arriskuen adibideetako bat besterik ez dela azpimarratu nahi izan dute.
Protestan obretako langile batek testigantza eman behar zuen, baina azkeneko momentuan ezin izan du bertaratu, arrazoi pertsonalak direla eta.