Bideoaldia Antzoki Zaharrean egingo dute hilaren 25ean

Larrotxene Bideoren jarduerak ez du etenik izan, nahiz eta COVID-19ak eragindako krisiak ikasturtearen martxa eta ekoizpenak oztopatu. Horrela ere, ostegunean, 32. Bideoaldia egingo dute Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Duela sei urte jaialdia Intxaurrondotik hiriaren erdialdera eramateko apustuari jarraipena emango diote. Emanaldirako gonbidapenak antzokiko leihatilan eskuratu daitezke.
Ekitaldiak edukiera mugatua izango du, eta joaten diren guztien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osasun neurri guztiekin egingo da. Horrekin batera, Bideoaldiaren aurkezleak birtualak izango dira, eta Larrotxeneko irakasleek bideo bidez hartuko dute parte.
Ikasturtean zehar landutako hainbat generotako ekoizpenen aukeraketa bat eskainiko dute Antzoki Zaharrean. Michel Gaztambideren Gidoigintza Aurreratua ikastaroan iaz landutako hiru gidoien filmaketak aurten bukatu dituzte, eta hiruak proiektatuko dituzte: Limpieza Automatica, Por que tengo que dormir asi? eta La Fusion. Aldiz, Andoni de Carlosek gidatzen duen Gidoigintza Hastapena ikastaroan landuriko Rita gidoiaren filma ezin izan dute grabatu konfinamenduaren ondorioz.
Bestalde, ikusi ahal izango direnen lanak ondorengoak dira: Pablo Maloren ikasleek Zine zuzendaritza ikastaroan zuzenduriko Zorionak amonak! filma, eta Ander Iriartek eskainitako Fikzio Zuzendaritza ikataroko Animal Lovers film laburra. Dokumentalgintzari dagokionez, izen bereko ikastaroan Oskar Tejedorrekin gidatutako Santi 17 eta Empatia film laburrak proiektatuko dituzte.
Oihua! egitasmoa
Maria Fontan zinemagilearen Zerua hautsi zen gaua film labur proiektuak irabazi zuen Oihua! sorkuntza lehiaketa. Donostia Kulturan, San Sebastian Film Comission-ek eta Gazteak bultzaturiko egitasmoa da, eta euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzea du helburu. Martxotik aurrera gidoi irabazlearen aurre-ekoizpena eta ekoizpena bera landu dituzte, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta Paul Urkijo zuzendariaren aholkularitzarekin.
Hain zuzen ere, Larratxone Bideoko ikasle zein irakasleek, eta ikus-entzunezko hainbat gazte profesionalek 25 pertsonako taldea osatu dute. Film laburra hilaren bukaeran grabatuko dute. Zehazki, ekainaren 29tik uztailaren 1era bitarte. Oiartzunen egingo da grabaketa, eta postprodukzioa udan zehar bukatuko dute.