Rosi Zarra larriki zauritu zutenetik 25 urte bete dira

Gaur bete dira 25 urte Rosi Zarra donostiarra Ertzaintzaren pilotakada batek larriki zauritu zuenetik. Ezbeharra 1995eko ekainaren 22an gertatu zen Anoeta estadio parean dagoen etxebizitza dorrearen arkupeetan. Zortzi egun beranduago zendu zen Zarra, ekainaren 30ean. IRUTXULOKO HITZAk Maider Irazusta alabarekin eta Xabier Irazusta senarrarekin elkartu zen gertaturikoaz hitz egiteko.
Bezperan, Lasa eta Zabalaren gorpuak Tolosako hilerrira eraman zituzten, eta istilu larriak gertatu ziren Ertzaintzarekin. Horren aurka protesta egiteko Euskal Herria Askatu plataformak elkarretaratzera deitu zuen Amara Berriko Bakearen Usoaren inguruan. Toki berean, ostegunero, Alditrans enpresako langileak elkartzen ziren ETAk bahituriko Jose Maria Aldaia enpresaburuaren askatasuna eskatzeko. Xabierrek Lasa eta Zabalaren aldeko elkarretaratzean parte hartu zuen. Hedabide askok, ordea, zabaldu zuten Zarrak eta Maider alabak ere mobilizazioetan parte hartu zutela. Ordea, Xabierren bila joan ziren elkarretaratzeak bukatu zirenean. Hain zuzen, bukaeran jaurti zioten gomazko pilota Zarrari.
Euskal Memoria Fundazioaren artxiboko irudietan ikus daiteke pilotakadaren osteko momentua (1:24tik aurrera). Zarra anbulantziara eramaten duten unea ageri da, eta ondoren ikus daiteke Xabier Irazusta senarra Ertzaintzari kontu eske, Maider alaba lurrean dagoen bitartean.
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen Zarraren familiak salaketa jarri ondoren. Auzitegiko medikuek arrazoi naturalengatik zendu zela ondorioztatu zuten. Aldiz, Zarraren nefrologoak adierazi zuen pilotakadak eragindako infekzioarengatik hil zela. Epaileak soilik bertsio ofiziala hartu zuen aintzat, eta auzia artxibatu zuen.