Viggo Mortensen aktoreak jasoko du Donostia Saria

68. Donostiako Zinemaldiak Viggo Mortensen aktore eta zinemagilearen ibilbidea sarituko du. Estatubatuarra Donostiara etorriko da Falling filma aurkeztera, zuzendu duen lehena. Europako estreinaldia Zinemaldian izango da, Sundance zinema jaialdian proiektatu ondoren.
Lance Henriksen aktorea eta Mortensen bera dira filmeko protagonistak. Zuzendaritzaz ez ezik, gidoiaz ere arduratu da Mortensen. Aita eta semearen arteko istorioa kontatzen du. Bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bata bestearekin, eta mundu horiek talka egiten dute familia drama honetan.
Ibilbide luze eta arrakastatsua darama Mortensenek. Azken 35 urtetan 50 bat filmetan parte hartu du, hamaika zinemagileren aginduetara: David Cronenberg, Peter Weir, Jane Campion, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian de Palma, Agustin Diaz Yanes, Ana Piterbarg, Lisandro Alonso, David Oelhoffen, Peter Farrelly eta Matt Ross, besteak beste. Era berean, film ezagun eta esanguratsu hainbatetan parte hartu du: The Lord of the Rings trilogia fantastikoa, Eastern Promises, Captain Fantastic eta Green Book.