Bertso bazkaria, sorgindantza eta kalejira izango dira Parte Zaharrean
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Trinitate plazan ospatu behar zituen koronabirusari egokitutako sanjoanak, baina goizean hainbat udaltzain azaldu eta plaza itxi dute. Ondorioz, Zuloagan egingo dute bertso bazkaria.
Itzali ezin den sua gara lelopean, Alde Zaharreko Gazte Asanblada goizean goiz hasi da lanean koronabirusaren egoerara egokitutako San Joan bezperako egitaraua gauzatzeko. 10:00etan bildu dira, besteak beste, auzolanean baratza landu, kartelak jarri eta mozorroak prestatzeko. Egitarauko ekintzak Trinitate plazan egin behar bazituzten ere, auzolanean ari zirela hainbat udaltzain joan dira, plaza ixteko agindua zutela azalduz. Ondorioz, ekintzak Zuloaga plazara mugitzea erabaki du asanbladak.
Eguerdian, 14:00etan, bertso bazkaria egingo dute. Horretarako, norberak bere janaria eraman beharko du, eta kuadrilatan sakabanatuta jarriko dira, lurrean eserita. Trinitate plaza irekiz gero, hara itzuliko dira 17:00etan, barrene herrikoia egiteko. Bestela, Zuloaga plazan jarraituko dute egitarauarekin. 19:00tan sorgindantzaren entsegua egingo dute, eta 19:30etan Parte Zaharreko kaleetatik kalejira egingo dute musikarekin. Festa sorgindantza dantzatuz amaituko dute.