Bertsoak eta afari herrikoia egingo dituzte Igeldon
San Joan bezpera gau berezia izaten da Igeldon, baina, koronabirusa dela eta, aurten egitarau alternatiboa prestatu behar izan dute.
San Joan bezperan, Eskeko Koadrila etxez etxe ibiltzen da urtero Igeldon, herritarrei dirua eskatzen; diru horrekin, bazkaria egiten dute hurrengo egunean. Aurtengo egoera berezia dela eta, ordea, hori ez egitea erabaki dute, baina ez dira etxean geldituko. Hain zuzen, 20:00etan Igeldoko plazan elkartuko dira Igeldoko bizilagunak, bertsoak abesteko. Ondoren, bakoitzak bere etxetik afaria eramatera animatu dituzte herritarrak, plazan denek elkarrekin afaltzeko.
Igeldokoek azaldu dutenez, zalantzak izan zituzten egitasmoa antolatzeko garaian, baina Eskeko Koadrila horretan hainbat belaunalditako herritarrak elkartzen direnez, garrantzitsua iruditu zitzaien San Joan bezperan jardueraren bat antolatzea, “belaunaldien arteko harremana estutzeko”.