Egia Euskaraz Eguna egingo dute ostiralean Plaza Haundin
Egia Euskaraz Eguna antolatu du auzoko euskara batzordeak ostiralerako, ekainaren 26rako. Maiatzaren 16an egin behar zuten euskararen aldeko eguna, baina pandemiaren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten; orain, “auzoa biziberritzeko” asmoz berrartu dute jarduera.
Ez dago surik kerik gabe, badakizu! lelopean, bertso saio bat prestatu du Egiako euskara batzordeak ostiralerako. Plaza Haundin izango da, 20:00etan, eta Miren Artetxe, Ane Labaka, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi arituko dira bertsolari lanetan; Maddi Gallastegi bertsolaria izango da gai jartzailea.
Segurtasun neurriak bermatzeko, leku mugatuak izango dira, eta aurretik sarrera erosi beharko da: hiru euroren truke salgai dira dagoeneko Kata eta Koxko tabernetan, eta Arkatza liburu dendan.
Euskara batzordeko Alain Urizarrek azaldutakoaren arabera, egunaren helburua da pandemiak eragindako konfinamenduaren ostean “auzoa biziberritzea”, baita belaunaldi desberdinetako auzotarrak elkartzea ere: “Hain zuzen, horregatik aukeratu genuen lelo hori. Hertzainak taldearen abesti baten esaldi bat da, eta ‘Goazen!’ telebista saioan ere agertzen da, beraz, adin guztietako pertsonak sentitu daitezke identifikatuta horrekin”.
Gainera, azaldu du sua eta kearen metafora oso egokia iruditzen zaiela une honetan: “Auzoari bizitza emango dioten su txikiak oso garrantzitsuak dira, esaterako, elkarteak eta auzotarrak, eta hori irudikatu nahi dugu leloarekin”, gehitu du. Halaber, dirua bildu eta mezua zabaltzeko asmoz, txiskero batzuk jarri dituzte salgai Kata eta Koxko tabernetan, eta Arkatza liburu dendan, Egia Euskaraz Egunaren leloa estanpatuta dutenak.