Grosen, sardina jana eta Andoni Ollokiegiren kontzertua
Ezin izan dute Sagueseko sua egin, ezta San Joan bezperako ohiko egitaraua egin. Marruma elkartean udako solstizioaren ospakizun xume bat egingo dute.
San Joan bezperan Grosen elkartu ohi da jende gehien, Saguesen piztu ohi duten suaren inguruan. Aurten, ordea, bestelako ospakizuna egin beharko dute. Ez berbenarik, ez Eskola taldearen dantzarik, ez Galizia Etxekoen queimadarik, ezta surik ere. Izan ere, Koronabirusa dela eta, jende pilaketak saihesteko, bertan behera utzi dituzte ohiko egitarauak. Halere, Marruma Elkarteak ospakizun xume bat egitea erabaki du, eta Marruma elkartean sardina jatea egingo dute, 19:30ean. Pintxo-pote moduan egingo dute; edari bat eskatzen dutenen artean banatuko dituzte. Gainera, Andoni Ollokiegi musikaria zuzenean ariko da, formatu akustikoan.