'Kaiolak suntsitu' kanpaina aurkeztu du mugimendu antiespezistak
Gaur goizean aurkeztu dute Kaiolak suntsitu kanpaina, eta horretarako, ez dute edonolako lekua aukeratu. Hain zuzen, Aquariumaren aurrean egin du agerraldia Euskal Herriko mugimendu antiespezistak, eta kanpainaren nondik norakoak azaltzeaz gain, dei egin dute “zoo eta akuarioen aurka egitera”.
Kanpainak “gizakiz besteko animaliak” gizakiak entretenitzeko erabiltzen dituzten leku eta enpresak jarri nahi ditu jomugan: “Zoo eta akuarioetan normalizatu eta betikotu egiten da gizakiz besteko animaliak gu entretenitzeko edo gure kuriositatea asetzeko mendean har ditzakegulako ideia”, adierazi dute euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez irakurri duten komunikatuan.
Halaber, salatu dute animaliak “merkantzia soil” bilakatu dituztela, eta pertsona jakin batzuk merkantilizazio horrekin aberasten ari direla. Gaur egun, 10.000 animalia bizi dira giltzapean Euskal Herriko zoo eta akuarioetan, eta antiespezisten ustez horietan “beste espezieetako animaliak modu sistematikoan” zapaltzen dira, eta “objektualizatu” egiten dira.
Kanpainaren oinarriak eta aldarrikapen nagusiak hiru puntutan jaso dituzte, eta adierazi dute eskaera horiek “ez direla negoziagarriak”:
- Akuario eta zooak ixtea.
- Jatorrizko bizi eremuetan bizi daitezkeen animaliak bueltan eramatea, eta zorte hori ez daukatenei bizitza duin bat bermatzea, erakusleihoetatik urrun.
- Ustiapen zentro horietako langileei irtenbide duin bat ematea.
“Gizakiez besteko animaliek aske eta erasorik jasan gabe bizi nahi dute, hala adierazten digute ihes egiten saiatzen diren guztietan, jan egiteari edo ikuskizun batean parte hartzeari uko egiten diotenean, mugimendu errepikakorretara, indarkeria, tristurara, zein apatiara jotzen dutenean”, gehitu dute bozeramaileek.
Azkenik, iragarri dute kanpainarekin jarraituko dutela udan, eta horren harira hainbat egitasmo antolatzeko asmoa dutela zoo eta akuarioen aurka. Uztailaren 4an, esaterako, hainbat ekitaldi egingo dituzte Bilbon, Iruñean eta Hernanin.
Udan zehar egingo dituzten jardueren berri izateko, sareetara “adi” egoteko iradoki dute, eta kanpainaren nondik norakoak jasotzeko webgune bat sortu dutela gaineratu dute; halaber, kanpainaren material grafikoa ere igo dute webgunera, nahi duenak erabili dezan.