Udalaren jarrerarekin "haserre" agertu dira Donostiako auzoetako jai batzordeak
Donostiako Auzoetako Jai Herrikoien Koordinakundeak hiriko jai batzordeen “haserrea” adierazteko ohar bat bidali die udalari eta Donostiako Festak erakundeari. Udako jaiak bertan behera uzteko erabakia hartzeko garaian haiekin hitz egin ez izana leporatu diete jai batzordeek udalari eta Donostiako Festak-i. “Ikusita zer gertatzen ari den inguruko festen debekuekin, uste dugu segurtasun- neurriak bermatuz jai xumeak egitea eta jendeak gozatu ahal izatea ahalbidetu daitekeela, eta zentzuzkoa ere badela”, gaineratu dute.
Era berean, auzoetako jaiek hirian duten garrantzia nabarmentzeko, koordinakundeak 2011. urtean aurreko urteko datuetan oinarrituta egindako ikerketako gogorarazi dute: “87 egunetan ospatu ziren jaiak gure auzoetan, eta, besteak beste, 92 musika taldek jo zuten egin ziren 37 kontzertuetan, 55 berbena, 30 karaoke, 30 txistulari, 44 txaranga, 23 antzerki, 77 irteera buruhandi eta erraldoienak, 17 danborrada, 17 esku-pilota txapelketa, 22 futbito txapelketa, 21 herri kirol saio, 71 bazkari eta afari herrikoi, ehundaka koadrilen jolas, 70 haurrentzako 70 ekitaldi (pailazoak, berbenak, antzerkiak, aztiak…)”. Ferietako salerosleen ekarpena ere azpimarratu dute, eta adierazi dute horregatik guztiagatik “errespetua” merezi dutela jai herrikoiek.
Horregatik, jaiak egiteko aukera izan nahi dutela nabarmendu du koordinakundeak, eta posible izango ez balitz, udazkenean egiteko baimena izatea eskatu dute. “Horregatik, aurten ospatzen diren ekitaldi guztietarako jaietako segurua indarrean egotea eskatzen dugu eta baita azpiegitura guztia erabili ahal izatea ere”, gaineratu dute.
Horretaz gain, udalak jaietarako ematen dituen diru-laguntzekin zer gertatuko den argitzeko eskatu dute, eta aurten ematerik ez dagoen dirua datorren urteko diru-laguntzetan gehitzeko proposatu dute. Ildo horretatik, gai horiek guztiak jorratzeko bilera bat eskatu diete udalari eta Donostiako Festak-i: “Uste dugu horrela bilatuko dugula konponbide egokiena guztiontzat eta ez alde bakarrez erabakitako debekuen bidez”.