"Harrotasun kritikoa" aldarrikatzeko manifestaziora deitu dute iganderako
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, manifestaziora deitu dute iganderako: Askatasuna ez da kontsumitzen, borrokatu egiten da lelopean, 12:30ean hasiko dute manifestazioa Bulebarrean. Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministak antolatutako mobilizazioan “harrotasun kritikoa” aldarrikatuko dute, iaz ekainaren 28ko protestetan mahaigainertutako aldarrikapenei jarraituz.
Hain zuzen, 2019ko mobilizazioan gogor salatu zuten sistema neoliberalaren ordezkariek LGTBI eta borroka feminista asimilatzen ari direla, eta harrotasuna ez dagoela salgai. Horren aurrean, “puten, migratzaileen, presoen, yonkien, etxeko eta zaintzetako langileen, barne-langileen, paperik gabekoen, langabetuen eta arrazializatuen arteko borroka intersekzionalera” deitu zituzten herritarrak.
Igandeko manifestazioaren ostean, bertso poteoa egingo dute Parte Zaharrean, eta zizka mizka Aurresku tabernan. Antolatzaileek ibilaldian zehar hartu beharreko segurtasun neurriak gogoratu dituzte: maskara erabiltzea, eta manifestarien arteko segurtasun neurria mantentzea.