Hirian animalia exotikoak bilatzeko egitasmo bat jarri du abian Cristina Enea fundazioak
Elefanteak hirian proiektua martxan jarri berri du Cristina Enea fundazioak. 2020ko udarako egindako proposamen berri horren bitartez, hiriko bioaniztasun ezkutua aurkitzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Hain zuzen, hiri ehunaren hainbat puntu apaintzen dituzten animalia bizigabeak identifikatu, eta mapa batean txertatu nahi dituzte.
“Urrutiko kontinenteetatik etorritako animalia exotikoak eta basapiztiak gure zain daude Donostian, fatxadetan, hormetan eta atarietan ezkutatuta, gu harrapatzeko prest”, bota dute antolatzaileek. Elefanteak hirian egitasmoak “harrizko bioaniztasunari” balioa eman nahi dio, eta antolatzaileen ustez, figura horiek sarritan herritarren begien aurrean “ikusezin” gelditzen dira.
Hirian zehar identifikatutako animaliak jasotzeko mapa interaktibo bat sortu du fundazioak, eta hori osatzeko, herritarren laguntza eskatu dute: “Proiektua lankidetzarako gogo sendoz sortu da, eta, beraz, herritarrak gonbidatzen ditugu bere aurkikuntzak egitera eta proiektura ekartzera”, adierazi dute fundaziokoek. “Posta elektronikoaren eta sare sozialen bidez, jendeak harrizko animalia gehiagoren kokalekuak helarazi ahal izango dizkigu, hiriko harrizko biodibertsitatearen mapa zehatza egin ahal izateko”, azaldu du Txema Hernandezek, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.
Lagundu nahi duten guztiek argazkiak eta kokapenak bidali ahal izango dituzte Cristina Enea Fundazioko postara (cristinaenea@donostia.eus) eta sare sozialen bidez, Cristina Enea Fundazioa aipatuz (Twitter: @cristina_enea, Instagram: @cristina.enea, Facebook: @cristinaeneafundazioa), eta #ElefanteakHirian traola gehituz.
Hernandezekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, proiektuaren nondik norakoak jakin eta hiriko arkitekturan ezkutatzen diren sekretuak ezagutzeko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai.