
Donostiako Udal Gobernuak urtarrila bukaeran abiatu zuen udalbatzarraren araudi organikoa aldatzeko prozedura, eta ekaineko udalbatzarrean onartu dute EAJk eta PSE-EEk duten gehiengoa baliatuta. Izan ere, oposizioko hiru alderdiak hasieratik erabakiaren haserre agertu dira, eta gaur ere kontra bozkatu dute. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk salatu dute oposizioaren lana isilarazi nahi dutela, udal gobernuari egiten zaion kontrola mugatu dutelako.
Gaur udalbatzak onartu duen araudi aldaketarekin, kontrolerako mozio kopurua mugatuko da –udal taldeen zinegotzi kopuruaren araberakoa izango gehienez– eta udal gobernuak izango du azken hitza interpelazio zein eztabaida guztietan. Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotziak eman ditu legedi aldaketaren xehetasunak, eta erabakiak aurrez jaso dituen kritikei erantzun die: “Aldaketak udal gobernuaren fiskalizazioa mugatzen duela esan da. Bartzordeetan, ordea, nahi beste mozio eta interpelazio aurkeztu daitezke. Udalbatzarrean, ordea, interpelazioak udal taldeen agenda politikora mugatzen dira. Udal taldeen interesekoak baino ez dira, eta ez herritarrek eskatzen dutena. Hauteskundeek ezarritako proportzionaltasuna gainditzen duzue”.
Vilesen adierazpenek oposizioko hiru udal taldeen haserrea areagotu dute. “Herritarrek ez dute lau urtero iritzia ematen hauteskundeen bidez. Gaur mozal lege bat ezarri duzue”, salatu du Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak. “EAJ eta PSE-EE oposizioan zeundetenean kontrakoa eskatu zenuten, kontrol mozio kopurua handitzea”, gaineratu du. Ildo beretik hitz egin du Borja Corominasek, PPko zinegotziak: “Ez da koherentea udal gobernuak gauza bat esatea oposizioan, 2013an egin zenuten bezala, eta orain kontrako erabaki bat sustatu eta onartzea. Arrabola pasa duzue denaren gainetik, udal talde guztiekin ezer adostu gabe”. Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak, berriz, diskurtsoa gogortu du udal gobernuaren erabakia kritikatzeko: “Erreforma faxista eta errepresiboa da aplikatu duzuena. Guk, ordea, ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu herritarrekin zein eragileekin beraien ahotsa udalbatzarrera ekartzeko”.
Marisol Garmendiak, PSE-EEren bozeramaileak, berriz, “demokrazia eta partaidetza leziorik” ez emateko eskatu die oposizioko hiru alderdiei: “Mozal lege bat aplikatu baino, gaur marmotaren egunari bukaera eman diogu. Urte asko daramatzagu partaidetza herritarra sustatzen, eta ez digu inork esan behar nola egin behar dugun”. Carrerek erabilitako tonua “harrigarria” iruditu zaiola esan du Vilesek. “Ez dut pasatzen utziko esandakoa. Ez gara autoritarioak, eta are gutxiago faxistak. Demokratikoki eratu den udalbatzar batean bozkatzen ari gara. Azken 40 urtetan batzuek bizkartzainarekin eman behar izan dute botoa, beraz, ez gaude horrelakoak onartzeko”.
Azken hitza eta partaidetza
Eztabaidetan azken hitza udal gobernuak izatearen inguruan, Vilesek adierazi du oposizioa dela azken hitza eta “bakarra” izan nahi duena. “Hilabetero zuen programa politikoan dauden gaiak ekartzen dituzue”. Aranetak Gobernantza zinegotziaren adierazpena gaitzetsi du: “Zuen agenda politikoa hedabideen bidez bideratzen duzue, propagandarako tresna gisara erabiliz. Ez duzue inor entzun nahi, zuen iritzia inposatu nahi duzue”. Carrerek, bere aldetik, Vilesek egindako baieztapen batzuk kritikatu ditu: “Zuen ahalegin nagusia da oposizioaren hitza isilaraztea, eta bakarrik zuen iritzia entzutea herritarrek. Bestalde, batzordeak aipatu dituzu, eta gogoratu behar da herritar arrunta ezin dela batzordeetara joan, eta ezin dutela hitza hartu. Gu ere erreforma baten alde gaude, baina herritarrei hitza emateko”.
Oposizioko hiru alderdiek azpimarratu dute beraiek direla herritar eta eragile askoren bozeramaileak. “Gaur bertan herritarrek zein eragileek helarazitako kontrol mozio asko daude. Udalbatzarrean parte hartzeko aukerarik ez dutenez, oposizioko alderdiengana jotzen dute, eta guk beraien eskaerak hona ekartzen ditugu”, azaldu du Aranetak. Hain zuzen ere, Elkarrekin Donostiak mozio arrun bat aurkeztu du herritar zein eragileek udalbatzarrean parte hartzeko aukera izan dezaten. “Irunen duela sei hilabete herritarren txanda bat onartu zuten, eta Bilboko Udalaren udalbatzarraren araudiak horretarako aukera ematen du”.
Horretarako, gaur egungo araua aldatu behar da, eta horretarako udalbatzak aho batez onartu behar du. Ordea, EAJk eta PSE-EEk eskaera horren kontra bozkatu dute. Vilesek eman du kontra bozkatzearen arrazoia: “Herritarrek aukera dute txanda bat eskatzeko. Tramitazio bat dago horretarako. Pausoak emanez, batzorde batera iritsi daiteke, eta presidentetzari eskatu ahal zaio udalbatzarrera eramateko”. Prozesu hori “amaigabea” dela erantzun dio Aranetak: “Eskaera egiten denetik aukera eman arte legegintzaldia pasa daiteke”.