Autobus zerbitzuak berrezartzeko sinadurak biltzen ari dira
Egian, Amara Berrin eta Morlansen auzotarrak haserre daude Dbusen murrizketengatik. Linea guztiak berrabiarazi eta maiztasunak bere osotasunean mantentzeko eskatu dute auzo elkarteek.
Dbus konpainia eskariaren igoera progresiboaren arabera hobetzen ari da autobus zerbitzuen eskaintza. Astelehenean orain arte kenduta zeuden zazpi lineen lanegunetako zerbitzuak berrezarri zituzten: 21. Mutualitateak-Anoeta, 23. Errondo-Puio, 24. Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo, 27. Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 38. Trintxerpe-Altza-Molinao, 41. Gros-Egia-Martutene eta 42. Aldapa-Egia. 21, 38 eta 42 lineek, ordea, ez dute ohiko maiztasuna mantendu, eta auzotarrak ez daude konforme.
Pasa den asteko poza berehala mikaztu zaio Egia Bizirik auzo elkarteari. Auzoko hainbat linea bertan behera utziko zituztela jakin orduko, auzotar askok eta auzo elkarteak kexak helarazi zizkieten Dbusi eta Donostiako Udalari. Protesta horiei esker, zerbitzuak berreskuratuko zituztela esan zieten, eta pozik agertu ziren horrekin. Ordea, 42 linea maiztasun murriztuarekin jarri dute abian, eta horrek auzotar hainbaten haserrea eragin du. Zehazki, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eskaintzen du zerbitzua, ordu erdiro.
Maiztasuna mugatu izana «lotsagarria» iruditzen zaio Egia Bizirik auzo elkarteari. Berriz ere kexak helaraziko dizkiete Dbusi eta udalari, eta maiztasun osoa «ahalik eta azkarren» berrezartzeko eskatuko diete. «Zerbitzurik gabe utzi dituzte hainbat auzotar. Gainera, zergatik mugatzen dute eskaintza eskaria ezagutzen ez badute? Lehenik, probatu beharko dute», azaldu du auzo elkarteak.
Amara Berrin antzeko protesta bat abiatu dute 21. Mutualitateak-Anoeta autobus zerbitzuaren maiztasun osoa berreskuratzeko. 42 linearen ordutegi berdina jarri diote. Auzokide batzuk hasi ziren duela bi aste sinadurak biltzen, zerbitzua berrezarri dezaten eskatzeko. Dagoeneko 1.887 sinadura jaso dituzte, Amara Berriko Auzo Elkarteak adierazi duenez. Auzotarrak oso haserre daude, batez ere, adineko pertsonak. Udalari bilera bat eskatuko dio auzo elkarteak, eta datorren astean elkarretaratze bat egingo dute auzoan.
Morlans, zerbitzurik gabe
Dbusek oraindik ez du 46. Morlans autobus linea berreskuratu, eta Morlanstarrak auzo elkarteak sinadura bilketa abiatu zuen pasa den astean zerbitzua berrezartzeko.«Dagoeneko 300 baino gehiago jaso ditugu», azaldu du auzo elkarteak. Dbusek jakinarazi die linea defizitarioa dela, eta horregatik ezin dutela berrabiarazi. «Gure ustez hori ez da arrazoia linea kentzeko. Bere garaian esan ziguten maiztasuna ordu erditik ordubetera pasako zela. Horren ordez, zerbitzua osorik kendu digute», azaldu du auzo elkarteak.
Morlansen bizi duten egoera ez da batere samurra, eta hainbat bizilagunek auzoa utzi behar izan dute mugikortasun arazoengatik. «Auzotar bat seme-alabekin bizitzera joan da, autobusek ez duelako bere etxera iristeko». Morlansko goiko aldean bizi diren adineko pertsonek autobusa erabiltzen dute erosketak egiteko. Orain poltsekin gora eta behera dabiltza, ahal dutenek. «Gure auzoak duen denda faltagatik alboko auzoetara joan behar izaten dira auzotar asko erosketak egitera». Bihar, Morlansko plazan mahaia jarriko dute azken sinadurak biltzeko.
Beste auzo batzuetan, berriz, lineak bere osotasunean berrezarri dituzte. Esaterako, Intxaurrondoko autobus zerbitzu guztiak abian daude, eta auzotarren haserrea baretu dela dio Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak. Pasa den astelehenera bitarte hainbat linea kenduta zeuden, eta maiztasun mugatuarekin gainerakoak. Egoera horren aurrean, IZBEk auzotarren hainbat kexa jaso zituen, eta Dbusekin zein udalarekin harremanetan jarri ziren.
Gaueko zerbitzuak abian dira
Gaurtik aurrera berrabiaraziko du Dbusek gautxori zerbitzua. Baina ez dituzte iazko udan zituzten ordutegiak izango; ordutegia murritzagoa izango da. Izan ere, 2019ko udako ostiraletan zuten ordutegia izango dute ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperetan. Bestalde, emakumeentzako eta adin txikiko pertsona guztientzako eskaripeko geldialdi sistema berrabiaraziko dute.
EMAKUMEAK DIRA KALTETUENAK
Dbusen murrizketak direla eta, Donostiako Emakumeak eta Hiria Foroak ohar bat plazaratu dute egoera salatzeko. Bereziki emakumeen bizimoduan eragin zuzena dutela adierazi dute, erabiltzaileen %70 emakumeak direlako. «Dbusen zerbitzu guztia ahalik eta azkarren abian jartzeko eskatzen dugu; izan ere, oraingo zerbitzu-murrizketa arazo larria da Donostiako herritarren bizimoduan, batez ere emakumeentzat», adierazi dute. Erabiltzaile gehienak emakumeak direnez, kaltetuenak direla azpimarratu dute; batez ere, goialdeko auzoetakoak eta mugitzeko beste biderik ez daukatenak.