Galtzada-harrien azpian, hondartza!
Sous les pavés, la plage! zioen 1968ko maiatzeko lelo ospetsuak Parisen. Barrikadak eraikitzeko altxatutako harriek hondarra uzten zuten bistan, hondartza: paradisua. Eta hain zuzen, probatzen ari ziren paradisu hori babesteko eraikitzen zituzten barrikadak. Gurean, galtzadaren azpian, makineria kapitalista hondar hori bera karraskatzen ari da, Parisko maiatz hartan saiatutako paradisua deuseztatzeko lanetan. Are eta hondartza ezegonkorra hondoratzeko arriskuan jartzeraino. Gurean, baina, horretan ari denik baden arren, badirudi inor gutxi dagoela prest galtzada-harriak erauzi, eta barrikaden atzean hondartza babesteko.