Txaparreneko frontoi estalia txukuntzeko eta margotzeko eskatu dute erabiltzaileek
Zikina eta zartatua dago Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko frontoi estalia. Erabiltzaileek urteak daramatzate esaten egoera txarrean dagoela, eta Donostia Kirolari hainbatetan eskatu diote txukuntzeko, margotzeko eta argiteria berritzeko. “Tarteka konponketa txiki batzuk egin dituzte, baina mantenu orokorrik ez dago”, adierazi dute.
Intxaurrondoko tren geltokiaren obra egin zenean, frontoian egokitzapen batzuk egin zituzten. Trenbidea estaltzearekin batera, harmailaren aldea ere tapatu zuten, eta egitura egonkortzeko habe batzuk jarri zituzten pilotalekuan. Txaparrene pasealekua urbanizatu eta txukundu zuten, baina frontoia ez. Ordutik ez dute aparteko hobekuntzarik egin, eta erabiltzaileak haserre daude.
Internacional de Intxaurrondo Kirol Elkartea da frontoiaren kudeatzailea, Donostia Kirolak azpikontratatuta. Pilotalekua ordubetez alokatzeak 12 euro balio ditu, eta aldagelak zein dutxak erabili daitezke. Erabilera ordaintzen ari direnez, gutxienekoa iruditzen zaie frontoiak oinarrizko baldintzak betetzea. “Hiri osoko pilotaleku estali kaskarrena da”, salatu dute.
Martin Ibabe Kiroletako zinegotziari askotan eskatu diote pilotalekuaren mantenua hobetzeko. “Duela bi urte berarekin hitz egin genuen, eta esan zigun Donostia Kirolako udal kirol instalazioen arduradunarekin harremanetan jartzeko. Dirurik ez zegoela eta aurrekontu gehiena Altzako kiroldegi berrira bideratuko zela jakinarazi zigun”, azpimarratu dute.
Denbora pasa da eta erabiltzaileek ikusi dute udalak hiriko beste hainbat kirol azpiegitura txukundu dituela. “Mons pasealekutik gertu dagoen frontoia hainbatetan margotu dute, eta orain gutxi Intxaurrondoko petanka eremua karpa batekin estali dute. Horretarako dirua badago, baina ez Txaparreneko frontoia txukuntzeko. Estalita dagoena ikusten ez denez, udalari ez dio axola”.