Txomiñeneko babes ofizialeko etxebizitzak birtualki bisitatu daitezke
Donostiako Etxegintzak Txomiñenen eraikitako babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak birtualki ikusteko aukera eskaintzen ari da udala. Hiruditek enpresarekin elkarlanean, udalak Txomiñeneko promozio horretako sei etxebizitza mota Internet bidez eta lehen mailako kalitatean bisitatzeko aukera ematen du, Donostiako Udalaren webgunean. Herritarrek euren etxeetatik eta edozein gailutatik ikusi ditzakete etxebizitzak, baita neurketak egin ere.
Sei etxebizitza mota horietako bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu (metro karratu kopurua, orientazioa, gela kopurua, eta abar): bi logela eta bi bainugela; bi logela, bi bainugela eta hegoaldeko orientazioa; hiru logela, bi bainugela eta ekialdeko orientazioa; bi logela, bainugela bat eta mendebaldeko orientazioa; hegoaldeko orientazioko etxebizitza egokitua eta iparraldeko orientazioko etxebizitza egokitua.
Etxegintzak maiatzaren 25ean argitaratu zituen Txomiñeneko 162 etxebizitza horien baremazio prozesuko emaitzak, eta alegazioak aurkezteko epea hilaren 12an bukatu zen. Adjudikazio prozesuari ekin behar dio orain udalak.