"Udalak ez du akordioa bete, sinatu zuenetik"
Ekainaren 15etik greban daude Donostiako sorosle lanetan aritutako sei pertsona. Horietako bi dira Jon Gorospe (Egia, 1997) eta Jon Ibarguren (Irun, 1989). Zurriolako hondartzan ari dira protesta egiten astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara. Donostiako Udalak azpikontrataturiko BPXport enpresa da sorosleen kudeatzailea, eta iaz hainbat kexa aurkeztu zituzten langileak dira kontratatu ez dituztenak.
Zergatik zaudete zehazki greban?
Jon Ibarguren (J.I.): Gure protestaren oinarria da sorosleen subrogazioa eskatzea. Prozesua duela hiru bat urte hasi zen, eta azkenean greba egitea erabaki genuen. Orduan Gurutze Gorriak azpikontratazioaren bidez kudeatzen zituen Gipuzkoako hainbat hondartza. Grebaren ondorioz, akordio batera iritsi ginen Gipuzkoako hainbat udalekin eta Gurutze Gorriarekin: lan baldintzak hobetzea adostu genuen eta subrogazioa bermatzea.
Udalak ez du akordioa bete, sinatu zuenetik, ez duelako subrogazioa bermatzen. Bitxia da, greba aurretik hori bera bermatzen zuen udal bakarra zelako. Aldiz, iaztik bermatzen ez duen udal bakarra da. Horrek enpresa kudeatzaileari erraztasunak ematen dizkio sorosle beteranoak kaleratzeko eta zerbitzua merketzeko.
Jon Gorospe (J.G.): Sorosle gisa urteak lanean daramagunok, betidanik, zerbitzuaren kalitatea mantendu eta hobetu nahi izan dugu. Enpresa kudeatzailea gaizki ari bada, kexatu izan garenak ere gu gara. Beraz, enpresari gu kaleratzeko aukera ematen badiote, esperientzia gutxiagoko jendea kontratatzen dute, eta urtetan egindako lana ezerezean geratzen da. Subrogaziorik gabe sorosleen zerbitzuak okerrera egiten duela uste dugu.
Uztailaren 1ean abiatuko da hondartza denboraldia, baina hilaren 15etik lanean ari dira sorosleak. Udalak zerbitzua bermatuko dela iragarri du.
J.I.: Udalak saldu nahi duena da arazorik ez dagoela, eta segurtasuna bermatzen dela. Baina hori ez da egia. Zurriolako hondartzako bi arduradunak izan gara, eta aurten ez gaituzte kontratatu. Lanik gabe geratu diren gainerakoak esperientzia handiko sorosleak dira.
J.G.: Zurriolan orain dauden bi arduradunak hasiberriak dira. Batek ez du sekula lanik egin sorosle gisara, eta besteak duela sei urte lan egin zuen hondartza denboraldi batean.
J.I.: Enpresak orain arte sorosle izan ez denari esan zion bi asteko trebakuntza izango zuela sorosle beterano batekin, eta horrekin nahikoa izango zela.
J.G.: Bakarrik utzi zuten lanean hasi zenean, erabat galduta.
J.I.: Udalak eta enpresak zerbitzua zein segurtasuna bermatzen dela diote, baina gezurra da. Zerbait larria gertatuko balitz ez dago behar bezala erantzuteko modurik.
Zein da enpresaren arrazoia arduradunak aldatzeko?
J.G.: Aurreko urtean tirabirak izan genituen enpresarekin, baina denbora guztian egiten ditugun kexak sektore hau profesionalizatzeko dira, eta hondartzetako erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua emateko.
J.I.: Iazko enpresa berria zen, eta dagoeneko subrogazioa ez zegoen bermatua. Hori dela eta, hondartza denboraldia hasi aurretik enpresarekin elkartu ginen ez genekielako gure baldintza berriekin kontratatuko gintuzten edo ez. Ordutik enpresa bere kudeaketa inposatzen hasi zen. Guk esan genien prest geundela hitz egiteko hondartzen beharrei eta materialei buruz, baina enpresak ez zuen nahi izan. Iritsi zen hondartzak irekitzeko momentua, eta aurreko egunean sinatu genituen kontratuak. Ordea, konturatu ginen lanerako zegoen materiala ez zela egokia. Ez zegoen ezer prest, eta berandu ireki genituen hondartzak. Aurten, berriz, zuzenean lanik gabe utzi gaituzte.
Hainbat langile iaztik hona kontraturik gabe uztea legala da?
J.I.: Legala da subrogaziorik ez dagoelako. Aldi baterako kontratuak dira sorosleenak. Berez, legeak dio hiru urtez denbora tarte berean lan egiten baduzu kontratu finko ez jarraia izan beharko genukeela. Ordea, aukera hori ez digute sekula eman. Enpresak horri eusten dio gu ez kontratatu behar izateko, eta beraz, aurten ez gaituzte deitu.
Greba hasi zenutenetik, jarri zarete harremanetan enpresarekin?
J.I.: ELA sindikatuak darama gure protesta, eta beraiek daude harremanetan enpresarekin eta udalarekin. Izan ere, guk legeei buruz ez dakigu asko, eta dagoeneko ez dakigu zerri baiezkoa edo ezezkoa eman.
J.G.: Hainbatetan engainatu gaituzte, eta ez dugu bide horretatik jarraitu nahi. Badakigu hitz egin ari direla, baina momentuz ez da pausorik eman.
Eta udalari bilerarik eskatu diozue?
J.I.: Sorosleak kontratatzeko baldintza agiria atera zutenean, udalari bilera bat eskatu nion. Baina beraien erantzuna izan zen hori ez zela nire ardura. Esaterako, aurten Kontxako sorospen ontzia kendu, eta urezko motorrak baimendu dituzte baldintza agirian. Enpresak esaten du urezko motorrak titulazio arruntarekin erabili daitezkeela, baina gezurra da. Irlan pertsona bati zerbait gertatzen bazaio nola eraman dezakezu kaira edo hondartzara? Urezko motorrekin ezin da.
Hori dena adierazi nion udalari, eta enpresaren iazko kudeaketaz ere hitz egin nahi nuela esan nien. Erantzun zidaten hori ez zela nire eskumena, udalarena baizik. Hori gutxi balitz, sindikatuen bidez jakin dut udaletxeko norbaitek esan diela nik enpresa horri zerbitzurik ez adjudikatzeko eskatu nuela. Noski, hori ez da egia.
J.G.: Horrek erakusten duena da udala eta enpresa eskutik helduta doazela. Argi dago harreman estua dutela.
Benetako irtenbidea zein dela uste duzue?
J.G.: Udalak kudeatu beharko luke sorosleen zerbitzua, enpresa pribatuak azpikontratatu gabe. Gainera, merkeago aterako litzaioke. Era berean, zerbitzuaren jarraipena udalak egin beharko luke, baldintza egokienak bermatu daitezen.
Une honetan 24 sorosle ari dira hiriko hondartzetan lanean. Horien babesa duzue?
J.I.: Orokorrean bai, batez ere, sorosle beterano gehienak gurekin ados gaude, eta gu bisitatzera etortzen dira.
Mobilizazio gehiago egiteko asmoa duzue?
J.G.: Zurriolako hondartzan jarraituko dugu egunero. Era berean, astelehen eta ostegunetan elkarretaratzeak egingo ditugu udaletxearen aurrean, 20:15etik aurrera.
Zurriolako protesta gunera jendea hurbiltzen da zuekin hitz egin eta babesa adieraztera?
J.I.: Hondartzara etortzen diren askok ezagutzen gaituzte. Guregana hurbildu eta gure egoeraren berri galdetzen digute. Jendeak animatzen gaitu eta sinaduraren bat beharko bagenu, prest daude emateko. Guretzako garrantzitsuena da gertatzen zaiguna ahalik eta pertsona gehienek ezagutzea gure protesta, sare sozialen eta komunikabideen bidez. Azken batean, erabiltzaileek jakin behar dute hondartzetan segurtasuna ez dela behar bezala bermatzen.
J.G.: Babesa dugula sentitzen dugu. Horrek grebarekin jarraitzeko indarra ematen digu.