'Ipuinaren Ordua' programa online emango dute udan zehar
Haurrei eta familiei zuzendutako jarduera berri bat sortu du Donostia Kulturak. Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoarekin, uztailaren 1etik aurrera Ipuinaren Ordua programa euskaraz eta modu birtualean emango dute. Astelehenetik ostiralera 10:00etan izango dira emanaldiak. Ostiraleko kontakizunak zeinu hizkuntzan izango dira. Donostia Kulturako YouTube kanaletik emango dituzte saio guztiak, eta irailaren 10era bitarte egongo dira ikusgai.
Uztailean eta abuztuan haurrek egunero ipuin bat entzunez gozatzeko aukera izango dute. Lur Korta ipuin kontalariak eskarmentu handiko narratzaile taldea osatu du: Saioa Aizpurua, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga, Izaskun Mujika eta Lur Usabiaga. Era berean, egitarau erakargarria prestatu dute. Hiriko ondare historiko zein artistikoa ezagutzera emateko, grabazioak hainbat toki esanguratsuetan egin dituzte. Besteak beste, Viktoria Eugenia antzokia, San Telmo Museoa, Txillida Leku, Donostiako Aquariuma, Santa Klara uhartea, Egiako parkea, Igeldoko funikularra, Tabakalera eta Altzako Harria parkea.
Jolasak eta zozketak
Ipuinekin batera, jolas entretenigarriak antolatu dituzte haurrentzat. Ipuinak kontatzen diren aipaturiko toki batzuetan, Eguzkitxo panpina –programaren maskota– aurkitu beharko da. Jolasen erantzunak posta elektroniko bidez bidali beharko dira: donostiakoipuinarenordua@gmail.com. Zozketak ere egingo dituzte, eta astero opari berezi bat jasotzeko aukera egongo da. Hala nola, haurrentzako liburuak, San Telmo Museorako gonbidapenak eta Txu-txu trenerako txartelak. Gainera, ipuinen bidez bisitatuko diren lekuetara joateko gonbidapenak ere banatuko dituzte: Eureka! Zientzia Museoa, Donostiako Aquariuma, Euskal Itsas Museoa, Txillida Leku, Igeldoko funikularra, Jolas Parkerako famili bonoa eta Santa Klara uharterako txalupa.
Ipuinaren Ordua programaren aurrekaria DK Etxean egitasmoa da. Konfinamendu garaian, martxoaren 30etik maiatzaren 31ra, haurrei zuzendutako ipuin saioak grabatu ziren kontalarien etxeetatik eta online zabaldu zituzten. Egitarauak arrakasta handia izan zuen haurren etxeetan. 63 saio eman zituzten eta 125.547 ikustaldi zenbatu ziren Donostia Kulturako kanaletan –Instagram, Facebook eta YouTube–.