Mariaren Bihotza parrokia abuztuaren 31n ofizialki itxiko dute
Mariaren Bihotza parrokiak, Groseko Nafarroako Etorbidean dagoenak, abuztuaren 31n itxiko ditu ateak ofizialki. Beraz, irailetik aurrera, San Ignazio parrokian izango da Groseko auzoan zerbitzua eskaintzen jarraituko duen parrokia bakarra. Izan ere, Ategorrietako San Pio X parrokia konfinamendu aurretik itxi zuten.
Noticias de Gipuzkoa hedabideak azaldu duenez, eraikinean bizi den klaretiar komunitateak eraikina utziko du aurki, eta, ondorioz, eraikina hutsik geratuko da. Hala ere, auzoko erlijio zerbitzuak San Ignazio elizan bateratzeko helburua ez da berria, pastorala horretan lanean aritu baita hainbat urtez, eta klaretiarrek iragarritako erabakiak hori azkartu besterik ez du egin. Edozein kasutan, itxi ondoren eraikinarekin zer gertatuko ote den ez dute oraindik baieztatu.
1927an klaretiarrek sortua, Mariaren Bihotza 1961 urtean izendatu zuten parrokia. Horren alboan, Claret Ikastola —2016ra arte Mariaren Bihotza izenez ezagututakoa— izan zen joan den urtera arte. Izan ere, ikasle faltagatik 2018-2019 ikasturte amaieran ateak itxi zituen ikastolak, 91 urtez irekita egon ostean.
Parrokiaren itxiera data ofiziala abuztuaren 31 izanda ere, iraileko lehen asteetan maiatzan bertan behera utzitako jaunartzeak hartuko ditu parrokiak.