Baxurako arrantza sustatzeko espazio bat zabalduko dute portuan, bihar
Kofradia-Itsas Etxea izena du Opegui Gipuzkoako Baxurako Arrantza-Ekoizleen Elkarteak bultzatutako proiektu berriak, eta bihartik aurrera ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. EAEko baxurako arrantza sustatzea, sektorearen belaunaldi erreleboan laguntzea eta oro har baxurako arrantza balioan jartzea du helburu. Horretarako, lonjetara bisitak, hitzaldiak, tailerrak eta ekitaldiak antolatuko dituzte, besteak beste arrain espezieez hitz egin eta arrainak nola kontserbatu edo kontsumitu ezagutarazteko.
Proiektuak Donostiako portuko Hegazkiontzi eraikin zaharberrituan izango du egoitza, eta kontserba denda eta gastronomia gunea ere izango ditu. Bihartik, uztailaren 1etik, hilaren 15era bitartean ate irekien jardunaldia egingo du itsas etxeak, doan. Bi txanda izango dira, bata goizeko 10:00etan, bestea arratsaldeko 18:00etan. Proiektua aurkezteaz gain, instalazioetara bisita egingo dute. Ate irekietan parte hartzeko, aurretik erreserba egin beharko da Kofradiaren webgunean.