Dbizi sistema berria azaroan ezartzen hasiko dira
Donostiako Udalak bizikletak alokatzeko udal zerbitzua eten zuen martxoaren 30ean, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Eneko Goia alkateak gaur jakinarazi duenez, Dbizi sistema berria azaroan ezartzen hasiko dira. Ordura arte hiriak ez du zerbitzu hori eskainiko. Dbusek eta BiziSS enpresa elkartzeak pasa den astean izenpetu zuten sistema berriaren kudeaketarako kontratua. Zortzi urteko iraupena izango du, eta kostua 6 milioi eurotik gorakoa izango da.
Sistema berria mistoa izango da, bizikleta mekanikoak eta elektrikoak izango dituelako. “Bizikleta horiek diseinu funtzional erakargarria eta esklusiboa edukiko dute, eta beren irudi korporatiboa Dbusen irudi korporatiboarekin bat etorriko da”, azaldu du Goiak. Sistema berriak ere hobekuntza batzuk izango ditu bizikletetan. “Bizikleta mekaniko arinak, kalitate handiko bizikleta elektrikoak, bandalismoaren aurkako lohi babesa, bi pertsona eraman ezin izateko eta aulki zuloduna, aulkian urik ez metatzeko”, azaldu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Eskaintza boskoiztuko da
Orain arteko eskaintza bost aldiz handituko da, eta hori bi fasetan egingo dute. Azaroan 32 geltoki misto eta 267 bizikleta mekaniko erabilgarri jarriko dituzte. Lehen bizikleta elektrikoak, berriz, 2021eko otsailerako aurreikusten dira: 120 bizikleta elektriko eta 12 geltoki misto. Lehen faseari bukaera emateko, otsaila eta maiatza artean beste 50 bizikleta mekaniko jarriko dituzte. Bi faseak bukatzerakoan, 69 geltoki –mistoak, elektrikoak zein normalak– eta 574 bizikleta elektriko zein mekaniko izango ditu zerbitzuak. eta 277 bizikleta mekaniko erabilgarri jarriko dituzte.
Geltokiei dagokienez, elektrikoek berezitasun berriak izango dituzte. Energia berriztagarrien erabilera jasoko dute, eguzki panelen eta baterien bitartez, geltoki mekanikoen hornidura elektrikorako. “Sistema berriak ahalbidetuko du bizikleta elektrikoak zein mekanikoak geltoki batetik bestera askatasunez mugitzea, oinarrizko geltoki guztiak mistoak izango baitira”, azaldu du Goiak.
Bestalde, bi geltoki birtual edukiko ditu sistemak puntu espezifikoetan. “Geltoki birtual horietan ez dago fisikoki geltoki bat, baina bizikleta utzi daiteke bertan. Ekitaldietarako ere planteatzen dira geltoki birtualak, eta geltoki horietan sistemaren langileak egongo lirateke beren kudeaketarako”.
Geltokien ainguraketa sistema hobea izango dela aurreratu du alkateak. Gainera, soinu eta kolore bidezko abisuak ematen ditu, bizikleta ainguraketa puntuan ondo lotu edo deslotu den baieztatzeko.
Ordutegi zabalagoa
Sistema berriak ordutegi zabalagoa izango du; astelehenetik ostiralera, 6:00etatik 0:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 24 orduko funtzionamendua. Erabiltzaileentzako arreta zerbitzuari dagokionez, sistemak arreta zerbitzu presentziala edukiko du hiriaren erdialdean. Era berean, Call Centerren ordutegia zabalagoa izango da, zehazki 6:00etatik 00:00etara urteko egun guztietan. Gainera, sistemak app eta webaren bitartez funtzionatuko du. Informazio guztia Dbusen webgunean kontsultatu ahalko da.