Mojo Workin jaialdiaren aldekoa izango da ostiraleko Kutxa Kultur Gaua
Mojo Workin jaialdia oso egoera txarrean utzi zuen koronabirusak eragindako konfinamenduak, jaialdiaren asteburuan bertan ezarri baitzuten alarma egoera, antolatzaileak erreakzionatzeko denborarik gabe utziz. Asteburu batez Donostia musika beltzez betetzen duen ekitaldia bertan behera gelditu zen, eta kalte ekonomiko handiak eragin zizkion horrek jaialdiari eta Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ antolatzaileari, Kortabitartek berak martxoan hedabide honi azaldu zionaren arabera.
Hori dela eta, Kutxa Kultur Gauak programa itzuli den honetan, jaialdiaren aldeko kontzertu bikoitza eskainiko dute ostiralean. Kortabitartek azaldu duenez, Kutxa Kulturreko arduradunek erraztasun asko eman zizkieten, eta ezin izan zuten ezetz esan. Jaialdia ondo ezagutzen duten bi blues talde donostiar arituko dira ostiralean, 20:30etik aurrera: Big Bob Railroad eta Mojo Hand. Kortabitartek nabarmendu du ez zutela zalantzarik izan bi talde horiek aukeratzerakoan: “Biek jaialdian jo dute eta Big Bob Railroadek aurten berriz jo behar zuen, igandean. Kontzertu hauek antolatzeko proposamena egin zigutenean, oraindik debekatuta zegoen probintzien artean mugitzea, eta esan ziguten taldeek gipuzkoarrak izan behar zutela. Ez genuen zalantzarik izan”. Kontzertu berezia denez, sarrerek ez dute Kutxa Kultur Gauetako ohiko prezioa (hiru euro), hamabost euroko prezioa baitute. Sarrera gutxi gelditzen dira dagoeneko, eta helbide honetan erosi daitezke.
Kortabitartek adierazi du jende askok Mojo Workin-eko sarreren dirua itzultzeari uko egin diola, donazioak jaso dituztela, materiala saldu dutela eta, “dirudienez”, diru-laguntza publikoa jasoko dutela; beraz, azpimarratu du gaur egun bizi duten egoera ez dela hain txarra. Ostiraleko kontzertuekin 1.000 euro inguru jasoko dituztela esan du, baina nabarmendu du hori ez dela euren lehentasuna une honetan: “Oso ondo datorkigu diru hori, baina une honetan ez da gure motibaziorik handiena; gehien motibatzen gaituena jendearekin elkartzea eta hein batean normaltasunera itzultzea da”.