Realak ezinean jarraitzen du
Realak normaltasun berriko bosgarren partida jokatu zuen atzo, eta 2-1 galdu zuen Getaferen aurka; txuri-urdinek ezinean eta epaileen laguntzarik gabe jarraitzen dute, eskuratu zitezkeen azken hamabost puntuetatik bakarra baino ez baitu lortu. Hain zuzen, Liga itzuli denetik, talde txarrena da Reala.
Getafek ondo aprobetxatu zituen Realak egindako bi opariak. Izan ere, lehenengo gola Remiro atezainaren pase txar baten ondoren heldu zen: baloia Hugo Durori eman zion, eta Le Normandekin area barruan baloia lehiatu nahian, talde madrildarreko aurrelariak atzelari txuri-urdina zapaldu zuen area barruan. Epaileak, ordea, Realaren aurkako penaltia adierazi zuen. Azken zazpi norgehiagokatan zazpi penalti adierazi dituzte Realaren aurka. Juan Matak ez zuen huts egin, eta 1-0-ekoa jarri zuen hamaika metroetatik, 20. minutuan.
Reala ez zegoen fin, baina 55 minutuan Oiartzabalek baloia hartu zuen Getaferen zelaian, eta pase bikain bat eman zion Januzaji, honek atezaina erraz gainditzeko. Jokoz kanpokoa adierazi zioten hasieran, baina VAR sistemak gola balizkoa zela adierazi zuen.
Berdinketarekin jarraitu zuen norgehiagokak bigarren zati guztian zehar, eta txuri-urdinek markagailuan aurreratzeko aukeraren bat izan bazuten ere, ez zuten arrakastarik izan. Getafek, ordea, ondo aprobetxatu zuen Realeko atzelarien pasibotasuna 83. minutuan, alboko sake soil batekin Molinak eta Matak talde txuri-urdina jokoz kanpo harrapatu zutenean. Horrela, Matak, ia angelurik gabe, 2-1-ekoa sartu zuen.
Reala zazpigarrena da Ligan, eta Europako postuetan jarraitzen du, baina gauzak gero eta zailago dauzka. Villarrealek eta Getafek lau eta bost puntu ateratzen dizkiote hurrenez hurren, eta laugarren postua zazpi puntura dauka. Ostegunean jokatuko du hurrengo partida; Espanyolen aurka izango da, Anoetan, 19:30ean.