AHTaren geltokiko lanak hilabete honetan hasiko dira
Noticias de Gipuzkoa hedabideak aurreratu duenez, Donostiako AHTaren geltokia egiteko obrak hilabete honetan hasiko dira. Izan ere, hainbat izapide administratibo eta erreklamazio konpontzea besterik ez da falta.
Lanak martxoan hasi behar ziren. Izan ere, hilabete horretan Eusko Jaurlaritzak Moyua, Comsa eta Cycasa enpresen arteko batutari esleitu zizkion obrak, 80 milioi eurotan. Esleipenean, obra 42 hilabetetan amaitzeko betebeharra jasotzen zen, alegia, 2024 urte hasierarako. Hala ere, pandemia egoerak lanak atzeratzera derrigortu du.
Geltoki berriak bost nasa izango ditu, horietako bi aldiriko trenentzat —hiru biderekin—, eta hiru distantzia luzeko eta abiadura handiko trenentzat —lau biderekin—. Eraikinari dagokionez, fatxada mantenduko dute, baina barrua berregingo dute. Besteak beste, bi solairu gehiago izango ditu, atari berriak aldiriko zein distantzia luzeko trenentzat, baita gune komertziala ere. Era berean, autobus geltokiarekin lotura zuzena izango du.