Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarra fitxatu du Realak
Donostiako aurrelaria Athleticen bigarren taldetik etorri da Realera, talde bilbotarrarekin kontratua amaitu ostean. 2023ra arte sinatu du Sarriegik.
Realak gaur goizean iragarri du Amaiur Sarriegi Athletic B-ko jokalari ohia fitxatu duela. Aurrelari donostiarrak joan den astean agur-gutun bat zabaldu zien zale txuri-gorriei, eta talde donostiarrarekin sinatu du 2023ko ekainaren 3o arte.
Hiru urtez ibili da Amaiur Sarriegi talde bilbotarrean, eta kontratua amaitu ostean bere hiriko taldearekin kontratua sinatzea erabaki du. Sareetan zabaldu duen gutun baten bitartez “futbolari eta batez ere pertsona bezala” hezten lagundu dioen orori eskerrak eman dizkio, eta “elastiko txuri-gorria” jantzi izanaz harro egongo dela azpimarratu du.
Datu esanguratsuak
Athletic B taldean eman dituen hiru denboraldietan datu esanguratsuak lortu ditu 19 urteko aurrelariak. Lehen denboraldian hamaika gol sartu zituen 22 partidetan, bigarrenean gol kopuru berdinera iristea lortu zuen 23 partidetan, eta amaitu gabe geratu den denboraldi honetan hamairu gol egin ditu hamazazpi partidetan (0,52 gol partidako).
Hiru denboraldietan lehen lau postuen artean geratzea lortu du talde bolbotarrak, amaitu gabe geratu den azken honetan lehenengo postua lortuz. Amaiurrek bigarren mailan “futbolean jolasteko duten talentua” erakutsi duela adierazi du Realak, eta Amaiurrek bere “entrega, sakrifizio eta lan guztia” eskainiko duela gehitu du aurkezpen ekitaldian.
Reala indartze aroan
Koronabirusa dela eta, profesional mailako futbolak bakarrik ekin dio ligen amaierari. Hau dela eta, emakumezkoen maila guztiak ligak amaitu ezin geratu dira. Testuinguru honetan, Reala bere lehenengo taldea indartzen ari da, eta hiru jokalari eta entrenatzaile berria fitxatu ditu.
Natalia Arroyo Kataluniako selekzioko hautatzaile ohia izango da Realaren entrenatzailea, eta Amaiurren fitxaketaz gain, Gemma Gili eta Nuria Rabano lehen mailako jokalariak fitxatzea lortu du, denak kontratua amaitu ostean. Fitxaketa hauekin Marta Cardona, Carla Bautista eta Claudia Blanco jokalarien galera berdindu nahi izan du Realak.