Egiako establezimendu bat itxi dute Orioko koronabirus kasuarekin lotura izan dezakeelako
Egiako Mandasko Dukea pasealekua. Pasa den igandean Donostiako Udaltzaingoak Egiako Mandasko Dukearen pasealekuko establezimendu bat itxi zuen. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, Orioko COVID-19aren agerraldiarekin lotura izan dezake. Nekane Murga Osasun sailburuak atzo adierazi zuen, Orioko agerraldiarekin kutsaturiko pertsonak 17 direla, eta horiei beste bost lagun gehitu behar zaizkie Gipuzkoako beste hainbat udalerritan.
Donostiako Udaleko iturriek atzo baieztatu zuten Egiako lokalaren itxiera. Udaltzaingoak langileak identifikatu zituen ustez koronabirusagatik konfinatu zituzten pertsona batzuekin harremana izan zutelako. Osasun sailak hartu du ixteko erabakia, eta horrela adierazi zieten igandean establezimenduko arduradunei.

