Kaiarriba-Donostiarrak denboraldi honetako traineruak aurkeztu ditu
Kaiarriba-Donostiarra arraun-elkarteak denboraldi honetarako hiru traineruak aurkeztu ditu gaur goizean, alegia, gizonezkoen ACT eta ARC1koak, eta emakumeenak. Ekitaldia ateak zabaldu berri dituen Hegazkinontzi eraikinak hartu du. Ez-ohiko aurkezpena izan da, besteak beste, koronabirusa dela-eta, trainerurik ez baita egon, ezta arraunlarien talde argazkirik ere. Ekitaldian babesle berriak aurkeztu dituzte, eta betikoei eskerrak eman dizkiete.
Euskotren eta Euskolabel Ligak asteburu honetan hasiko dira, Coruñan, eta txapelketako bigarren estropada Donostian izango da, uztailaren 11an. Azken hau Kaiarriba-Donostiarrak antolatzen du. Estropada horretarako, Union Artesanaren 150. urteurrena dela eta, lankidetza berezia egingo dute elkarteak eta klubak. Izan ere, estropada amaitzean, arraunlariek elkarteko zapiak jantziko dituzte, eta ondoren ekitaldi berezi bat egingo dute Union Artesanan.