Adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua berrabiarazi dute

Donostiako Udala Goizaldiak eguneko arreta zerbitzua ematen hasi da berriz ere, hiriko lau zentrotan: Egiatarra Elkartea, Bidebietako Guardaplata Elkartea, Altzako Nao Etxea Elkartea eta Groseko udalaren lokalean (Nafarroa Beherea, 7). Zerbitzua astelehenetik ostiralera ematen dute, 10:00etatik 13:00etara.
“Oso berri ona da, eguneroko bizitzan zailtasunak izan ditzaketen adineko pertsonei berriro ere horrelako zerbitzua eskaini ahal izatea etenaldiaren ostean. Gehienentzat sozializateko aukera paregabea da”, azaldu du Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak. Zentroak behar bezala eta baldintza egokietan irekitzeko Osasun Publikoko osasun protokoloak eta neurriak kontuan hartu direla gaineratu du.
Eguneko zerbitzu honen bidez, adineko pertsona ahulen autonomia mantentzen lagundu eta adinekoari bere ohiko giroan iraunaraztea lortu nahi da, bai eta haien sozializazioa bultzatzea ere, dagokion kasuetan, isolatze egoerak konpentsatzeko. Hainbat talde jarduera egiten dira, hala nola gimnasia egokitua, erlaxazio tailerra, esku terapia, tailer ludikoak, memoria tailerrak, ikus-entzunezkoen tailerrak bai eta, bizi kalitatea hobetze aldera, zahartze aktiboa sustatzeko eta harreman sozialak izateko beste zenbait jarduera ere.
Erabiltzaileen jarraipena
Martxoaren 12tik, Jubilatuen Elkarteen itxierarekin batera, zerbitzua bertan behera geratu bazen ere, konfinamenduan Goizaldiak zerbitzuaren erabiltzaileen jarraipena egin da, kontaktua mantendu dute eta besteak beste, jarduerak burutzeko materiala bidali zaie. Iaz 40 bat erabiltzaile izan zituen batez beste. Zerbitzua erabiltzeko baldintzak ondorengoak dira: 65 urtetik gorakoa izatea, autonomoa edo mendekotasun moderatua izatea, Donostian erroldatua egotea, osasuna eta gizarte harremanak hobetu edo mantendu nahi izatea eta aisialdiko jardueretan parte hartu nahi izatea dira.