Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egonaldiaren deialdi berria abian da
Kursaala apainduta, 2019ko Zinemaldian zehar. Monte Castillo/Zinemaldia Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak abian jarri dute Ikusmira Berriak egonaldiaren zazpigarren deialdia. Ikus-entzunezko proiektuak garatzen laguntzeko zortzi asteko egonaldia eskaintzen du Ikusmira Berriak egitasmoak. Egondali horren lehenengo sei asteak 2021eko martxoaren 15etik aurrera egingo dituzte Tabakaleran, eta 2021eko Zinemaldian bertan beste bi asteak. Izen-emate epea abuztuaren 31n itxiko dute, eta helbide honetan sakatuta egin daiteke.
Hautatutako proiektuak bost sailetan banatuko dituzte: EAEko proiektuak, Espainiako Estatukoak, beste herrialde batzuetakoak, Zinemaldiko Nest sailean parte hartutakoak eta Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleenak. Tabakalerako egonaldiaren ostean, apiriletik irailera, zinemagileen euren kabuz egingo dute lan, eta garapenerako 5.000 euroko diru laguntza jasoko dute maiatzean.
Azken urteotako Ikusmira Berriak
Ikusmira Berriak egitasmoan parte hartzen duten proiektu askok arrakasta izaten dute gero. 2020ko Ikusmira Berriak egonalditik ateratako Diego Cespedesen La misteriosa mirada del flamenco Torino Film Lab-en hautatu dute eta Jessica Sarah Rinlanden Monólogo Colectivo-k Rotterdameko zinema jaialdiaren Hubert Bals funtsaren laguntza jasoko du, esaterako. Era berean, aurten estreinatuko dituzte azken urteotan Ikusmira Berriak programan garatutako film batzuk: Stephanie (Leonardo Van Dijl); Chupacabra (Grigory Kolomytsev) eta Jo ta ke (Aitziber Olaskoaga), hain zuzen.
Horretaz gain, Ikusmira Berriak egitasmoko film batzuk nazioartean hautatuak eta sarituak izan dira: El agua (Elena Lopez Riera); Pornomelancolía, (Manuel Abramovich), eta Dormen os peixes de olhos abertos (Begiak zabalik egiten dute lo arrainek) (Nele Wohlatz). Zinemaldiko hainbat sailetan ere proiektatu dituzte egonalditik ateratako film batzuk: Las letras de Jordi, Maider Fernandez Iriarterena; Muga deitzen da pausoa, Maider Oleagarena eta Trote, Xacio Bañorena; besteak beste.

