Auzotarren oihuak eta zaratak gailendu dira
Iragarritakoa baino minutu batzuk lehenago hasi da eskuin muturreko Vox alderdiaren Loiolako mitina. Ertzaintzak auzoko sarbide gehienak itxi eta hesitu ditu, segurtasun neurri zorrotzekin. Latsarien plazaren inguruetan bizi diren bizilagunek oihuekin eta zaratekin hartu dituzte Voxeko kideak, Javier Ortega Smith Voxeko idazkari orokorra buru zutela. Loiolako Kuartelen ondotik etorri dira.
Txiki geratu da plaza, Voxen mitinean hogeita hamar bat lagun elkartu direlako. 19:50ean hasi da ekitaldia, eta minutuek aurrera egin ahala protesten bolumenak gora egin du. Hainbat lagun plazaren inguruetara hurbildu dira, eta mitinak iraun dituen hamabost minutu eskasetan oihuka aritu dira. Besteak beste, Alde hemendik, utzi bakean! gisako leloak oihukatu dituzte.
Oihuak eta txistuak geroz eta gehiago dira Loiola auzoan, Voxen mitina ez da entzuten @irutxulo pic.twitter.com/h2m6ThV5l3
— Inaxio Esnaola Aranzadi (@inaxioesnaola) July 3, 2020
Istiluak ere sortu dira. Bi edukiontzi erre dituzte, eta Ertzaintzak Loiolara gerturatu diren antifaxisten aurka kargatu du. Bi pertsona atxilotu dituzte.
Voxen mitineko bozgorailua ozen jarri badute ere, Loiolako auzotarren protestak gehiago entzun dira.