Realak irabaztea zer den badaki
Konfinamendu osteko zalerik gabeko liga ez da gauza bera. Ezta Reala ere, atzora arte. Txuri-urdinek berdinketa bat eta lau porrot segidan pilatu ondoren, Espanyol mendean hartzea lortu zuten Anoetan (2-1). Bolada txarraren mamua uxatzea lortu dute, nolabait, nahiz eta atzoko neurketa ere maldan gora jarri. Hain zuzen ere, Realak bigarrenez denboraldi honetan, markagailuari buelta eman eta urrezko hiru puntuak eskuratu zituen. Sailkapeneko zazpigarren tokia berreskuratu dute, bi kanporaketekin bada ere, Europan jokatzeko aukera ematen duena.
Txuri-urdinek gola egin zuten bosgarren minutuan, Willian Jose aurrelariaren bidez. Ordea, VAR teknologiak baliogabetu zuen brasildarra jokoz kanpo zegoelako. Minutu gutxira, liga berrabiarazi osteko ohiko zaplastekoa etorri zen. Espanyolek korner bat baliatu zuen baloia sareetara bidaltzeko. David Lopezek egin zuen gola, Realak defentsan duen gabezia erakutsita. Jarraitzailerik gabeko Anoeta mutua zeharo izoztua geratu zen. Horrela ere, txuri-urdinak saiatu ziren egoerari buelta ematen. Joko eta aukera gehiagorekin, berdinketa lortzeko ahaleginak egin zituzten. Llorentek langara bidali zuen baloia, lehen zatia bukatu baino lehen. Atsedenaldian, emaitza bera baino albiste okerragoa zen Januzaj jokalariaren lesioa. Akabo denboraldia belgikarrarentzat.
Bigarren zatian, Imanol Alguacil entrenatzaileak aldaketak egin zituen, eta oraingoan asmatu zuen. Odegaard eta Zubimendi zelairatu zituen, eta txuri-urdinak aurrera begira jarri ziren. Merinok, Oyarzabalek eta Willian Josek egindako jokaldi bikain bati esker lortu zuten berdinketa. Aurrelari brasildarrak, azkenik, gola ospatu ahal izan zuen VAR-aren beldurrik izan gabe. Sasoiko bere hamargarren gola da, azken urtetako estatistika ona berresten duena.
Espanyol azken sailkatua atzeko lerroetatik atera zen garaipena lehiatzeko, baina Realak garaipena lortzeko aukerari sendo eutsi zion, helburua lortu zuen arte. Aulkitik atera berritan, Alexander Isak aurrelari suediarrak lehen aukera garbia izan zuen Monrealen erdiraketa bati erantzunez. Bigarrenean, ez zuen hutsik egin. Area txikian solte geraturiko baloia ezkerrarekin gogor astindu eta ate barrura bidali zuen. Txuri-urdinek oihuka ospatu zuten gola, eta ondo eutsi zioten markagailuari partida bukatzean ozenago ospatzeko itzulerako lehen garaipena.
Bost neurketa falta dira liga arraro honi bukaera emateko, eta Realak eskura du Europa, atzo bezala edo hobeto lehiatuz gero, noski.