Urrezko Maskorraren lehian ariko diren aurreneko filmen berri eman du Zinemaldiak
68. Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean izango diren film batzuk aurreratu dituzte. Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileak Urrezko Maskorraren lehian ariko dira, eta Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadore berrien lanak ere ikusi ahalko dira sail horretan. Gogora dezagun jaialdia irailaren 18tik 26ra izango dela.
Bartas lituaniarrak In The Dusk filma mundu mailan estreinatuko du Donostian; Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat da. Kawase japoniarrak Asa Ga Kuru / True Mothers pelikula aurkeztuko du, eta Europako estreinaldia izango da.; bi ama –bata biologikoa eta bestea adopziozkoa– aurrez aurre jartzen dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri bat da. Ozon frantziarra Sail Ofizialera itzuliko da Été 85 / Summer of 85 filmarekin; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa erabat. Vintenberg daniarrak, berriz, Druk / Another Round pelikularen Europako estreinaldiarekin parte hartuko du; esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du: lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute, euren buruak zabaldu, eta sormena areagotuko dutela uste dute.
Kulumbegashvili georgiarrak Dasatskisi / Beginning film luzearekin egingo du debuta Zinemaldian. Mundu mailako estreinaldia izango da; Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatzen du. Azkenik, Sato japoniarrak Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? bigarren film luzea estreinatuko du Donostian; urtezahar gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izan duen aldaketa kontatzen du.
Datozen asteetan, Sail Ofiziala osatuko duten gainerako lanen berri emango du. Jaialdia irailaren 18an inauguratuko du Rifkin’s Festival filmak (lehiaketaz kanpo), Woody Allenek zuzendutako komedia erromantikoak.