Arkaitzerrekako isuriketaren diligentziak epaileari bidali dizkio Fiskaltzak
Eguzki talde ekologistak, Anerreka ingurumen elkarteak eta Zubieta Lantzen kirol eta kultur elkarteak salatu zuten isuria, eta ingurumenaren kontrako delitua izan daitekeela adierazi du fiskaltzak.
Maiatza hasieran isuria izan zen Arkaitzerreka errekastoan, Zubietako erraustegitik gertu dagoena. Hasiera batean isuriak erraustegiarekin zerikusirik ez zuela esan bazuen ere, GKH Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak amoniako isuri bat gertatu zela onartu zuen ondoren, eta zigor espedientea zabaldu zion Ekondakini, erraustegia kudeatzen duen enpresari. Egun batzuk beranduago, Eguzki, Anerreka eta Zubieta Lantzenek salaketa jarri zuten fiskaltzaren aurrean. Eguzki talde ekologistak, Anerreka ingurumen elkarteak eta Zubieta Lantzen kirol eta kultur elkarteak isuria fiskaltzaren aurrean salatu zuten, eta gaur jakinarazi dute egindako ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali dituela fiskaltzak. Izan ere, fiskaltzaren ikerketak dio ingurumenaren aurkako ustezko delitua izan daitekeela.
Bestalde, hiru elkarteek jakinarazi dute euren burua herri akusazio gisa aurkezteko aukerak aztertzen ari direla.