Bizikletentzako aparkaleku estali bat jarriko dute Cervantes plazan
Bizikletentzako aparkaleku bat jarriko du Donostiako Udalak Cervantes plazako lurpeko aparkalekuan, eta 52 plaza izango ditu. Concha Parking S.A. enpresa da aparkalekuaren emakidaduna, eta Eneko Goia alkateak azaldu duenez, astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartu dute aparkalekua ustiatzeko emakida kontratuaren laugarren aldaketa.
Horrela, autoentzako aparkaleku plaza batzuk kenduko dituzte, bizikletentzak aparkatzeko “gune seguru bat” jartzeko. Aparkalekua zortzi urtera amortizatu beharra dago, eta udalak “hileko abonamendua” sortu du, hilabetean hamar euro ordainduta –KPIaren arabera berrikusiko dute prezioa–, aparkalekua nahi beste erabili ahal izateko. Era berean, udalari dagozkion 30 aparkaleku txarteletatik hamahiru kendu dituzte.
Cervantes plazako aparkalekuarekin, beraz, bizikletentzako lau aparkaleku estali izango lituzke Donostiak: Katalunia plazakoa, autobus geltokikoa, Pio XII.a plazakoa eta Cervantes plazakoa.