Eusko Jaurlaritzak eta udalak Morlansko 26 etxebizitzaren lagapena luzatu dute, Amara kaleko bizilagunei ostatu emateko
Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin adostu du Morlans pasealekuko 26 etxebizitzaren lagapena sei urtez luzatzea. Astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan eman du albistea Eneko Goia alkateak, eta 20.030 euroko kostua izango du luzapen horrek.
Horrela, etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzarenak badira ere, udalak kudeatuko ditu beste sei urtez, bi helbururekin: 20 etxebizitza Amara kalean bota behar dituzten hiru eraikinetako bizilagunei ostatu emateko erabiliko dituzte eta beste seiak Urumea ibaiko ibarrean egindako proiektu hidraulikoek eragindako desjabetzeak jasaten dituzten bizilagunei ostatu emateko izango dira. Goiak azaldu duenez, Urumeako ibarreko esku-hartzeekin lotuta gero eta ostatu behar gutxiago dago.
Amara kaleko eraikinak
Joan den ekainaren 24an, udalak Amara kaleko hiru eraikinetako bizilagunei euren etxeetatik ateratzeko agindu zien, eraikinak oso egoera txarrean zeudelako. Udalaren jabetzakoak diren eraikin horietako egoera aspalditik ari ziren aztertzen, eta bota egin behar direla ondorioztatu zuten. Beraz, bizilagun horiei Morlansen emango diete ostatu, eta ondoren, bakoitzaren egoera “kasuz kasu” aztertuko dutela nabarmendu du Goiak, denei irtenbide egokia emateko.