Gazteentzako MartxUp! programan proiektuak aurkezteko epea zabalik da
MartxUp! programaren formakuntza saio bat. MartxUp! Laugarren urtez abian da MartxUp! programa: Donostiako gazteen ideiak landu, eta horiek garatzen laguntzeko helburua duen egitasmoa. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da, eta parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da. Deialdian 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, banaka nahiz taldeka, eta taldeetako kideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du. Era berean, proiektuak hautatuak izanez gero, bitik lau pertsona arteko taldeetan landuko direla jakinarazi dute.
Proiektuen jarduera eremua askea dela azaldu dute, betiere, genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada. Edozein fasetan daudela ere, proiektuak aurkezteko aukera zabaldu dute: zirriborro fasean, garapen fasean eta inplementazio fasean. “Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua, eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira”, argitu dute antolatzaileek. Gainera, epaimahaiak beste hainbat irizpide hartuko ditu kontuan, hala nola, bideragarritasuna, originaltasuna eta berrikuntza, eta zehaztapen maila.
Iraileko bigarren hamabostaldian jakinaraziko dituzte hautatuak izan diren proiektuak, eta horiek aurkeztu dituztenek lau formazio saio jasoko dituzte: “Esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko modu irekian antolatuko dira”, adierazi dute. Hilabetean behin izango dira saio horiek, eta batetik bestera, gazteek tutoretza prestakuntzak izango dituzte.
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak eta MTA-Mondragon Team Academy-k batera antolatutako programa izanik, unibertsitateko taldeko kideak arduratuko dira proiektu bakoitzarentzat beharrezko formazioa eta laguntza eskaintzeaz. “Lau hileko formazio horretan, gazteek proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesua hasiko dute. Amaitutako eta definitutako proiektuak udalaren laguntza jasoko dute, horren gaitasun ekonomikoaren arabera. Azkenik, proiektuen aurkezpena 2021eko urtarrilean egingo da Donostiako Udalean”, gehitu dute.
Aurreko lau urteetan proiektu ugari jarri dituzten martxan, eta iaz, esaterako Belle et Pop, Antiguo Hezitzailea, Añorgako Naturaren Parkea eta Mundu proiektuek hartu zuten parte. Horiek, hurrenez hurren, honako gaiak zituzten ardatz gisa: merkatarientzako salmenta plataforma digitala, bizitza guztirako pentsatutako hezkuntza proiektua, auzotarren artean diseinatutako parkea, eta haur eta gazteen artean jarrera kritikoa lantzeko eskolaz kanpoko akademia.

