'Harrotu ileak' festa egingo dute, ikasturtean zehar landutakoa aurkezteko
Tabakaleran ibiltzen diren hainbat gazte migratzailek, zentroko Hezkuntza arloko langileek, eta hainbat artistek osatzen dute Harrotu ileak egitasmoa. 2017an hasi ziren lanean, eta ordutik, hainbat diziplina artistikoren inguruan egin dute lan, besteak beste, antzerkia eta musika.
2020/19 ikasturtean zinema eta serigrafia landu dituzte, besteak beste, eta egindakoa jendaurrean aurkeztuko dute ostiralean, hilaren 10ean. Horretarako, festa bat egingo dute Tabakalera alboko Nestor Basterretxea plazan, 17:00etatik 20:00etara. Zinema lantegian sortutakoak aurkezteaz gain, serigrafia lantegian sortutako kamisetak, poltsak eta kirol jertseak salgai jarriko dituztela iragarri dute.
Iraila eta urrian zehar, Julieta Juncadellak eta Jose Maria Avilesek, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle eta zinemagileek, zinema adierazpen-tresna gisa pentsatzeko lantegi bat proposatu zieten. Gainera, hiriko hainbat zinematan filmak ikusteko aukera izan dute, zinemari buruzko lanketa egiteko.
Bestalde, Asteazkenak Estudioko Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren artistekin batera, serigrafia eta estanpazioa teknikak ezagutzeko aukera izan dute. Gainera, euren diseinu propioak sortu eta arropa estanpatzen ikasi dut gazteek.
Urtarrilean, berriz, Rachid Farhan-ek eta Zahrat Essawssane Bourhil Marokoko artista eta LGTBI+ aktibistak izan ziren taldekoekin. Kontakt-inprobisazio metodoen eta gorputz-adierazpeneko ariketen bidez, praktikan jarri zuten dantzatutako koreografia bat, arrazan, generoan, sexuan, klase sozialean eta abarretan oinarritutako botere-harremanetatik eratorritako egoerak eta intersekzionalitatea jorratzeko.
Iazko ekainean beste festa bat egin zuten, eta ikasturtean zehar landutako antzezlan bat aurkeztu zuten taldekoek: Bideak harrotzen. IRUTXULOKO HITZAk irudi bilduma bat osatu zuen festan Joseba Parronek egindako argazkiekin.

