Oier Guillanek solasaldi bat egingo du Danele Sarriugarterekin, 'VHS' nobela berria aurkezteko
Donostiako 45. Liburu Azoka dela eta, liburu saltzaileek uztailaren 12ra arte izango dituzte zabalik Gipuzkoa plazan jarritako 22 postuak. Azokaren ordutegia izango da 11:00etatik 13:30era goizez eta 16:30etik 20:00etara arratsaldez. Liburuak saltzeko postuez gain, hainbat jarduera antolatu dituzte azokaren harira, eta horietako asko Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan eta Gipuzkoa plazako eremuan izango dira.
Halaber, liburu saltzaile batzuek ere antolatu dituzte bestelako jarduerak, besteak beste, Kaxilda liburu dendakoek. Hain zuzen, gaur egingo dute horietako bat: Oier Guillan idazleak VHS nobela aurkeztuko du Kaxildako terrazan, 19:00etan. Han izango da ere Danele Sarriugarte idazlea, eta bien arteko solasaldia izango da aurkezpenaren haria.
Joan den astean argitaratu zuen VHS izeneko eleberria Guillanek, Susa argitaletxearekin. Idazleak ibilbide oparoa du atzetik, eta poesia liburuak, antzezlanak eta bi nobela idatzi ditu orain arte. Argazkilari gisa ere aritu da oholtza gainean, Metrokoadroka kolektiboko kidea baita; Käffka antzezlanean, esaterako, aktore lanak egin zituen.
Hona hemen argitaratu berri duen eleberriari buruzko Susa etxeak egin duen laburpena: “Zer gelditzen da zure ametsak bete gabe geratu ostean?”, galdetu du Ilehoriak. “Pertsona are interesgarriago bat”, erantzun dio detektibeak, jostalari. Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko.
Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak esku bat emango bailuke zinta hura berreskuratzearren. Ez du argi zeri buruz hitz egin zuten, baina gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Ilehoriak gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du. Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan.