Udalak hitzarmen bat sinatu du, Ibaetan etxebizitza berriak egin ahal izateko
Donostiako Udalak eta Sociedad Vascongada de Publicaciones (SVP) enpresak –El Diario Vasco egunkariaren argitaratzailea– hitzarmena sinatu dute, gaur egun El Diario Vasco hedabidearen bulegoak dauden lursailean, Igaran, etxebizitza berriak eraikitzeko. Tokiko Gobernu Batzordeak Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatzea onartu du, eta lursailaren kalifikazioa aldatuko dute: tertziarioa izatetik bizitegi garapeneko lursaila izatera pasako da.
Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan azaldu du SVPren instalazioak “zaharkituta” daudela, eta errotatiba lekualdatu zuten moduan, aipatu hedabidearen bulegoak aldatzeko asmoa dutela ere. “Lursaila bizitegi garapenez inguratuta dago, beraz, etxebizitza eta gune publiko berriak egiteko leku aproposa da”, nabarmendu du alkateak.
Lursailak 18.000 metro karratuko azalera du, eta horietatik, 17.725 metro karratu etxebizitzak egiteko erabiliko dituzte, 275 metro karratu erabilera komertzialerako izango diren bitartean, kale arrasean. Etxebizitza berrien %80 libreak izango dira, eta %20 udalak tasatuak. Era berean, plaza bat ere egingo dute zona horretan, hegoaldera begira. Proiektuak bi urteko epea du garatzeko.
EH Bilduk hitzarmena aztertuko du
Mesfidati agertu da hitzarmenarekin EH Bildu udal taldea, eta “zehatz mehatz” aztertuko duela azpimarratu du, El Diario Vasco hedabideak “milioi euro asko” irabaziko dituelako operazio horrekin.
Bestalde, etxebizitza berrien izaera salatu du oposizioko alderdiak: “Dirudienez, helburua sustapen libreko 170 etxebizitza eraikitzea da, horietatik, %20 sustapen pribatuko araubide orokorreko udal etxebizitza tasatuak, hau da, etxebizitza babestuen artean modalitaterik garestiena. Ez dago aurreikusita baliabide gutxien dituzten kolektiboei zuzendutako babestutako etxebizitza publikorik”.
“Oso adierazgarria da etxebizitza eskubidearekin lotutako arazo gehien dituen hirian metro karratu bat ere ez erreserbatu izana kolektibo behartsuenentzako etxebizitzak eraikitzeko. Hau da, etxebizitza eskuratzeko premia handiena duten pertsonentzat ez da etxebizitzarik aurreikusten”, gaineratu du EH Bilduk. Horrelako operazioak egitea “hirian dagoen etxebizitza larrialdiko egoerarekin bateraezina” dela deritzo oposizioko alderdiak Hiri Antolamenduko Plana aldatzeko, “interes orokorra” gailendu behar delako.