Urdaibaik 2018ko Kontxako Bandera eskatu dezakeela ondorioztatu dute auzitegiek, eta udala helegitea aurkeztea aztertzen ari da
2018ko Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldian, epaileek Urdaibai zigortu egin zuten, Zierbenako arraunak jo zituelakoan; azken postura bidali zuten, eta hamabost segundoko penalizazioa ezarri zioten. Bermeoko taldeak denbora onena egin zuen bigarren jardunaldian, baina ez zion ezertarako balio izan, ezin izan baitzuen penalizazioa gainditu. Kontxako Bandera Hondarribiak irabazi zuen, Zierbena baino segundo bat azkarragoa izan baitzen. Urdaibai zigortu izan ez balute, ordea, Kontxako Bandera bermeotarrek irabaziko zuten, denborarik onena egin baitzuten, bi jardunaldiak batuta. Urdaibaik EAEko Justizia Auzitegi Gorenera jo zuen, eta epaileek arrazoia eman diote talde bizkaitarrari, beraz, 2018ko Kontxako Bandera eskatzeko aukera dute.
Gaiaren inguruan galdetuta, “bitxia” dela adierazi du Eneko Goia alkateak astearte goizean, “epaileen erabakiak ezbaian jartzen dituelako”. “Futbol partida batean gol bat balizkoa den epaitegietan argitzearen modukoa da”, gaineratu du Goiak. Horregatik, sententziaren aurkako helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari direla azpimarratu du alkateak.