Zuhaiztiko kiroldegiaren behin-behineko kudeatzaile baten bila dabil udala
Zuhaizti kiroldegia Fortuna Kirol Elkarteak kudeatzen du duela hamabost urte, eta gaur, hilak 7, bukatzen zaio kontratua. Klubak kiroldegiaren kudeaketa utzi nahi du aspalditik, defizitarioa delako eurentzat, baina COVID-19arekin dena eten denez, udalak oraindik ez du beste kudeatzailerik aurkitu.
Hain zuzen, lehiaketa publikoa egitea onartu dute, baina Eneko Goia alkateak azaldu du kiroldegiaren kudeaketaren adjudikazioa ez dela urte amaierara arte gauzatuko. Horregatik, Goiak nabarmendu du ez dutela nahi denbora horretan kirol instalazioa itxita egotea, eta irtenbide baten bila dabiltzala “ikuspegi juridikoa aintzat hartuta”. Azaldu duenez, ikusita Fortunak ez duela kudeaketarekin jarraitu nahi, behin-behineko kudeatzaile bat kontratatzea da aztertzen ari diren aukera, baina ez du ziurtatu bihar, hilaren 8an, kiroldegia irekita egongo denik.
Fortunak, bere aldetik, azpimarratu du epaitegietara joko duela udalak adjudikazioa gauzatu arte kiroldegia kudeatzera behartzen badu, hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera. Hain zuzen, azaldu dute Zuhaiztiko kontuak koadratu ahal izateko, klubak azken urteotan 300.000 euro jarri behar izan dituela.