"Larrialdi egoeran sustatu den kultur eskaintza egokia iruditu zait, beti ere, musikaria errespetuz tratatu bada"
San Pedroko etxean pasa du konfinamendua, lanean eta klaseak Internet bidez ematen. Bi aste barru 55. Jazzaldian parte hartuko du.
Koronabirusak eragindako krisiarekin kezkatuta dago Iñaki Salvador Gil (Amara Berri, 1962) piano jotzailea. Bereziki, kulturaren etorkizunak zalantza asko sortzen dizkio. IRUTXULOKO HITZA donostiarrarekin elkartu da bere etxean bizi dugun garaiaz eta kulturgintzaren egoeraz hitz egiteko. Ostiraleko astekarian elkarrizketa osorik irakurri ahalko da.
“Musikeneko irakaslea naiz. Jazz doinuen piano eskolak ematen ditut. Bat-batean, klaseak emateko modua aldatu behar izan nuen. Nire etxea ikasgela bihurtu zen”, azaldu du. Etxetik lanean ondo moldatu da Salvador, eta bestelako lanak egiteko denbora izan du. “Errenteriaren 700. urteurrenean parte hartu behar nuen Kukai dantza konpainiarekin, eta maiatzaren 25erako Gipuzkoako Aldundiak ekitaldi bat antolatu zuen Afrikaren Egunaren harira. Aipaturiko bien zuzeneko emanaldiak egin behar genituen, eta biak halabeharrez ikus-entzunezkoak izatera pasa ziren”. Egoera berrira egokitu behar izan zen.
Aurrera begira “oso kezkatuta” dago Salvador, batez ere, kulturgintzaren etorkizunarekin: “Konfinamenduaren une gogorrena pasa da, baina honek horrela jarraitzen badu, kultura ez da bideragarria izango”.